Santakutzak gerturatzen ari dira, baina Zestoan iraileko Ama Birjina festak antolatzeko lanean hasiko dira jada datorren astean. Hain zuzen ere, datorren asteartean, martxoaren 25ean, egingo dute Festa batzordearen aurtengo lehen bilera. Alonderon izango da, 18:30ean.
Udalak deialdian azaldu duenez, batetik "urteroko gaiak" izango dituzte hizpide festak antolatzeko lehen bilera horretan –uda amaierako kontzertua, festak zein egunetan izango diren zehaztea eta jaietako ekitaldi nabarmenenak aukeratutako egunetan kokatzea–. Bestetik, baina, udalak 2025ean festetarako duen aurrekontuaren berri emango dute astearteko batzarrean, eta horrez gain, "lantalde boluntarioen osaketa egitea" aurreikusten dute. Festa batzordean jaien gaineko "hausnarketa" egitea ere nahi du udalak, "festak inklusiboak nola" egin aztertzeko, besteak beste.
Festa batzordearen bilerara "azaltzearen garrantzia azpimarratu" du aurten ere udalak, han proposatutako ekitaldiek "erabateko lehentasuna" izango baitute jaien egitaraua osatzerakoan, "beste guztien gainetik".