XV. Leizeen Egunean, bisita berezia egingo dute igandean Ekainberrin

Ane Olaizola 2025ko mar. 14a, 11:59

Ekainberriko margolanak. (Guka)

Lurpea elkarteak XV. Leizeen Eguna ospatuko du asteburuan, eta ekintza eta eskaintza bereziak izango dira hura osatzen duten Euskal Herriko zortzi haitzulotan; tartean, Zestoakoan.

Lurpea elkarteak antolatuta, XV. Leizeen Eguna ospatuko dute asteburuan Euskal Herriko zortzi leizetan, eta elkarteko kide den Zestoako Ekainberrin ere ekintza bereziak egingo dituzte. Hain zuzen, datorren igandean bi bisita berezi egingo dituzte haitzulo horretan, eta bertaratzen diren bisitariek honako galde hau erantzuteko aukera izango dute: «Nola eta zenbat eragin zien kobazuloko iluntasunak?». Hain zuzen, han ikus daitezkeen zaldi margotuak nola egin zituzten azalduko dute 13:00etan. Bisita ahal bezainbat errealista izan dadin, gainera, argiak itzaliko dituzte, eta bisita ilunpean eginen dute.

Ekainberrik ez ezik, honako haitzulo hauek ospatuko dute Leizeen Eguna: Sorginen leizeak (Zugarramurdi, Nafarroa), Urdazubiko leizeak (Nafarroa), Mendukilok (Astitz, Nafarroa), Sarako leizeak (Lapurdi), Izturitze-Otsozelaiako kobak (Nafarroa Beherea), Arrikrutzek (Oñati, Gipuzkoa) eta Pozalaguak (Karrantza, Bizkaia). Zortzi kobetako bisitak erdi prezioan egingo dituzte asteburuan, eta bisitariek egonaldi bat irabazteko zozketan parte hartuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide