Udalekuetan izena emateko epea ireki dute Zestoan

Mailo Oiarzabal 2025ko mar. 14a, 09:57

Zestoako udalekuen artxiboko irudia. (Zestoako Udala)

Udalaren Gazteria sailaren webgunean eman daiteke izena online, apirilaren 4a arte. Izena aurrez aurre eman nahi dutenentzako hamar egun ere izendatu dituzte, datorren astetik aurrera.

Zestoako Udalak datorren udan udaleku irekietan (2 eta 8 urte artekoentzat), kirol udalekuetan (9-11 urte) nahiz Uda Gazten (12-16) parte hartu nahi duten haur eta nerabeek izena emateko epea ireki du dagoeneko.

Udalaren Gazteria sailaren Zestoagazte webguneko Udalekuak atalean dute herritarrek udal udalekuen hiru eskaintzen gaineko informazio osoa, eta bertan izena online emateko aukera ere bai; apirilaren 4a baino lehen eman behar da izena. Baina, online ez ezik, udalekuetarako aurrez aurre izena emateko aukera ere izango da, datorren astetik aurrera. Hain zuzen ere, hamar egun izendatu dituzte horretarako, eta horietako batzuetan Gaztelekuan eta besteetan Udal Kiroldegian eman ahalko da izena: martxoaren 21ean, 22an, 27an, 28an eta 29an Gaztelekuan; eta martxoaren 31n eta apirilaren 1ean, 2an, 3an eta 4an, kiroldegian.

Udalekuei eta izen emateari buruzko informazio gehiago behar dutenek telefonoz ere jo dezakete Gaztelekura (688 684 029 zenbakia) zein kiroldegira (943-14 79 42 zenbakia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide