Zestoako anbulatorioko pediatriako itxarongelan liburu bilduma jarri dute haurrentzat

Ane Olaizola 2025eko martxoaren 6a

Anbulatorioko eta liburutegiko langileak, liburu sortarekin. (Zestoako Udala)

Osasun etxeko langileek "kezka" azaldu dute ohartu direlako geroz eta haur gehiagok pantailak erabiltzen dituztela itxarongelan dauden bitartean. Horren aurrean, liburutegiak dohaintzan eman dizkio hainbat liburu anbulatorioari.

Zestoako liburutegiak liburu bilduma eman dio dohaintzan hango osasun etxeari, anbulatoriora joaten diren umeek liburuez goza dezaten osasun profesionalek artatu bitartean. Izan ere, Pediatria saileko langileek "kezka" azaldu dute, azkenaldian ohartu direlako geroz eta haur gehiagok pantailak erabiltzen dituztela itxarongelan dauden bitartean. 

Ardura horrekin bat eginda, liburutegiak bere alea jarri du, Itsaso Zubiria liburutegiko arduradunak azaldu duenez: "Liburuek amets eginarazteko boterea dute eta Zestoako ume guztiek daukate orrietan murgilduta hegan egiteko eskubidea. Gure seme-alabei kalitatezko eta patxadazko denbora eskaintzeko aukera ezin hobea da liburuaren magia. Helduon ardura da eskubide hori bermatzea, burua ixten dieten pantailetatik pixka bat aldendu, burua altxa eta benetako mundua ezagutzen laguntzea. Ez diezazkiegun begiak itxi, eman diezazkiegun buru kritikoak eraikitzeko tresnak". Horrenbestez, pediatriako pazienteek liburuekin gozatzeko aukera dute aurrerantzean anbulatorioko itxarongelan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide