Zestoako Udalak Auzo Bus zerbitzua indartzea erabaki du, herriko bi taxi gidariekin elkarlanean. Garraio publikoa Zestoako zenbait auzotara iristen ez denez, erakundeak erabaki zuen aurreko agintaldian autobus zerbitzua jartzea. Auzoetako bizilagunek zerbitzuaren hutsuneak aipatu izan dituztela eta, indartzea erabaki du erakundeak.
Auzo Busaren zerbitzu indartua Zestoan erroldatuta dauden herritarrek erabili ahal izango dute. Hain zuzen ere, aurrerantzean, taxi bat egongo da herrigunean, eta auzotarrek hori erabili ahal izango dute. 11:00etan eta 14:00etan taxia erabili nahi dutenek aurreko eguneko 22:00ak baino lehen abisatu beharko diote gidariari; 19:00etan bidaiatzeko, berriz, egun bereko 14:00etarako jakinarazi beharko diote. Taxi gidariari egin nahi duten bidaia zein den zehaztu beharko diote herritarrek, aurrez.
Taxiak auzoetara joaten den autobusak egiten duen ibilbide berbera egingo du: Zestoako herrigunetik auzoetara eramango dituzte herritarrak, astelehenetik ostiralera. Asteburuan ez dira erabilgarri izango udalaren garraio zerbitzuak.
Asteotan jarriko dute martxan taxien zerbitzu osagarria, eta erabili nahi duten herritarrek udaletxeko harreran egin beharko dute eskaera. Gero, bidaia bakoitza egin ahal izateko, taxi gidariarekin hitz egin beharko dute erabiltzaileek. Taxi zerbitzu bakoitza bi euro ordaindu beharko dute herritarrek.
Hona hemen auzo busaren eta taxiaren ordutegiak:
- Auzo Busaren ordutegia
- 08:30-08:45. Zestoa-Aizarna
- 08:45-09:00. Aizarna-Zestoa
- 09:00-9:10. Zestoa-Arroagoia
- 09:10-9:20. Arroagoia- Zestoa
- 16:30-16:45. Zestoa-Aizarna
- 16:45-17:00. Aizarna-Zestoa
- 17:00-17:10. Zestoa-Arroagoia
- 17:10-17:20. Arroagoioa-Zestoa
- Taxiaren ordutegia
- 11:00. Zestoa-auzoak (auzotarren deien arabera taxistak erabakiko du ibilbidea)
- 14:00. Zestoa-auzoak
- 19:00. Zestoa-auzoak