Otsailaren 9an Zestoan izango den Kobaz Koba Trailen bederatzigarren edizioa aurkeztu dute gaur udaletxean. Kirol probaren antolatzaileak Agiro mendizale taldea eta Arazi IKT dira, eta laguntzailea Zestoako Udala. Aurkezpenean parte hartu dute Iñaki Serrano Agiroko kideak, Juanjo Aranburu Araziko kideak, Emiliano Perez kirol probako boluntarioak eta Mikel Arregi Zestoakoa alkateak.
Aurreko aldietan bezala, bi ibilbidetan barrena bi lasterketa izango dira egun horretan: 15 kilometroko Artzei ibilbidea eta 26 kilometroko Zaldei ibilbidea. "Lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea biziko dute parte hartzaileek, Ekaingo kobazuloaren bi margo ingurune zeharkatuz historiaurreko koba, aldapa eta bidezidorretan barrena", azaldu du Aranburuk. Ibilbide luzekoek 09:00etan irtengo dute Zestoako plazatik, eta ibilbide motzekoek 10:00etan, leku beretik.
Zestoako alkateak adierazi du denboraren poderioz Kobaz Koba kirol proba bat baino zerbait gehiago ere badela, eta herritarrek nahiz herriko eragileek lasterketa aurrera ateratzeko egiten duten lana goraipatu du. "Harro esan dezakegu kultura komunitario handiko herria dela Zestoa, eta kirol proba hau ere horren erakusle dela", azpimarratu du Arregik.
Zestoako ondare arkeologikoa agerian jartzen duen lasterketa bat ere badela esan du Kobaz Koba. Zestoa "Euskal Herriko Alde Zaharra" dela adierazi du, eta horren erakusle dela herrian dagoen historiaurreko ondare arkeologikoa. Gogoratu du egun Aranzadi zientzia elkartea bi indusketa garrantzitsu ari dela egiten herriko bi gunetan.
Emakumeen parte hartzea goraka
Denera, 695 kirolarik parte hartuko dute Kobaz Kobaren bi probetan, eta dortsalak "ziztu bizian" bukatu zirela adierazi dute antolatzaileek. "Izen ematea ireki eta bost minuturako dortsal denak hartuta zeuden. Parte hartzaileei zerbitzuak eroso emateko, ordea, dortsal kopuru handiagoa ezin dugu eskaini, pena handiz".
Parte hartzaileen inguruko datuak ere xehatu ditu Araziko ordezkariak, eta nabarmendu du parte hartzaile guztietatik 160 emakumeak izango direla; iazko edizioan baino 23 emakume gehiago. Kobaz Koba Trailean emakumeen parte hartzea urtetik urtera urtera "goraka" doala azpimarratu dute.
Aurten, Kobaz Koban izena eman dutenen jatorriaz ere hitz egin du Arazikoak. Herritik bertatik hasita, Zestoako 96 korrikalarik eman dute izena (2024an baino 27 gehiagok), eta horietatik 79k ibilbide motzean eta hamazazpik luzean irtengo dute. Zestoarretatik 26 dira emakumeak, eta bakarra izango da ibilbide luzean parte hartuko duena. Gainontzean, Euskal Herrikoak dira oro har kirol proban izena eman duten korrikalariak, eta horietatik asko Urola Kosta eskualdekoak eta inguruko herrietakoak: Azpeitikoak 140 lasterkari dira, Zarauzkoak 66, Azkoitikoak 61, Zumaiakoak 55, Oriokoak hamahiru, Debakoak zortzi eta Aizarnazabalgoak sei. Kataluniako korrikalari batzuk ere izango direla adierazi dute.
Ibilbidean aldaketa txiki batzuk
Kobaz Koba Traileko bi proben ibilbideak aurreko urteetakoen oso antzekoak izango dira, baina aldaketa txiki batzuk egin dituztela zehaztu dute antolatzaileek. Esaterako, bi ibilbideetako lasterkariak Elizkaletik helmugaratuko dira aurten, Erdikaletik egin beharrean. Beste aldaketak izango dira Ertxinan, Endoian eta helmugatik gertu, Lilitik herrigunerako igoeran.
Ibilbide guztia seinalatuta egongo da, eta boluntarioak ere egongo dira bidegurutzeak zaintzen. Mendi lasterketaren antolatzaileek lurjabeak, baserritarrak eta aurrez nahiz kirol probaren egunean lan egingo duten boluntario guztiak eskertu dituzte. "Ibilbidea hainbat lekutatik igarotzen da lurjabeek eta baserritarrek beren lurretatik pasatzeko prestutasuna erakusten dutelako, eta boluntarioen lanik gabe ere ezingo litzateke kirol proba aurrera atera. Guztira, 150 herritarrek lagunduko dute Kobaz Koba Trailean", azaldu du Aranburuk.
Horiez gainera, Kobaz Koba Trail antolatzeko laguntza eman duten erakunde, enpresa, denda, taberna eta antolatzaileak eskertu dituzte antolatzaileek.
Dortsal banaketa
Aldez aurretik korrikalariek dortsala jasotzeko aukera izateko, egun gehiago jarriko dituzte horretarako. Alegia, otsailaren 1, 2, 4, 5, 6, 7 eta 8an Zestoako Turismo Bulegoan (Portale kalea 1) jaso ahal izango dira dortsalak, 10:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. Lasterketaren egunean ere, proba hasi aurretik dortsala jasotzeko aukera jarriko dute kiroldegiko aterpean.
Kirol proba bukatutakoan, parte hartzaileek hamaiketakoa izango dute kiroldegiko aterpean, eta kiroldegian izango dute arropa zaindegia eta dutxa hartzeko aukera. Behin bi probak bukatutakoan, sari banaketa Zestoako plazan egingo dute.