Zestoako Udalak datorren ostiralean, hilak 31, egingo du nerabeekin parte hartze prozesuko bilera. Alonderon egingo dute bilera, 19:00etan hasita. Zestoako Udalak martxan jarritako nerabeen parte-hartze prozesuaren barruan, erakundeak udazkenean egin zituen bilerak 12-16 urte bitarteko nerabeak dauden eskualdeko eskoletan.
Prozesuaren helburua da adin horretako nerabeen parte hartzea lantzea, nerabeek herriarekiko dituzten loturak sortzea, sendotzea, astintzea nahiz eragitea, baita nerabeak herritar aktibo izateko urratsak egitea ere. Prozesuaren lehenengo fasean, nerabeen proposamenak jaso zituzten dinamika desberdinak martxan jarrita.
Fase hura bukatuta, proposamen horiek aztertzeko fasean, bigarrenean, sartuko dira datorren astean. Nerabeei aurkeztuko dizkiete eskoletan jasotako proposamenak, eta udalak proposamen horien inguruko ikuspuntua azalduko diete haiei, besteak beste, egingarriak diren edo ez eta hala direnak martxan noiz jarriko dituzten zehaztuz. Dena den, udalak azaldu du proposamenen gauzatzea nola egin nerabeekin batera zehaztuko dutela.