Maialen Lujanbiok 'rr_6_erre(AH)ala' errezitaldia eskainiko du otsailaren 2an, Zestoako Alonderon

Andoni Elduaien 2025eko urtarrilaren 22a

Maialen Lujanbio, errezitaldi batean. (Katakrak)

18:30ean hasiko da Alonderon bertsoa, poesia eta performancea uztartzen dituen errezitaldia. Sarrerak eskuragai daude Portale kulturgunean.

Maialen Lujanbiok rr_6_erre(AH)ala izeneko errezitaldia eskainiko du otsailaren 2an, igandez, Zestoako Alonderon. 18:30ean hasita, hitzen gainean eraikitako emankizuna eskainiko du bertsolariak, hain zuzen, poesia, bertsoa eta permorfancea uztartzen dituen lana. Hitz esanak zein kantatuak, ahozkoak nahiz idatziak, ikustekoak eta entzutekoak aurkeztuko ditu bertsolariak.

Emanaldiak lengoaia du lehengai, eta Lujanbiok hura forma desberdinetan maneiatzen du garaiko gaiez jarduteko, hala nola ahotsen, testu idatzien, hitz esanen eta bertsoen bidez. Aurrez grabatutako soinuekin eta pantailako proiekzioekin interakzioan osatuko du emanaldia hark.

2018. urtean eskaini zuen Lujanbiok lehen aldiz RR emanaldia, bokalik gabeko eta ezin deszifratuzko hots dardartia "mugimenduaren, lurrikararen eta momentu zehaztu gabe batean" kokatzeko. Geroztik beste emanaldi batzuk eskaini ditu bertsolariak, eta 2022an bira txiki bat ere osatu zuen RR#5 marrak izenpean. Orain, RR Erre(ah)ala errezitaldiak ari da eskaintzen hura.

Lujanbioren errezitaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko Portale kulturgunean. Hango bazkideek, ikasleek eta langabetuek 4 euro ordaindu beharko dute emanaldirako sarrera, eta bazkide ez direnek zein langileek, 6 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide