Larunbatean festa giroan murgildiko dira Iraetan, egun horretan hasiko baitituzte Zestoako auzoan Santa Ines jaiak. Urtero legez, bi astetan zehar ospatuko dituzte festak, eta jan-edanerako, dantzarako eta jolaserako egitarau oparoa prestatu dute aurtengorako ere.
Larunbatean, hilaren 18an, 16:00etan botako duten txupinazoarekin emango diete hasiera jaiei. Jarraian, puzgarriak jarriko dituzte auzoko frontoian, eta 16:30ean haur jaioberriei ongietorria egingo diete. Horrez gainera, 17:00etatik hasita tren txikian ibiltzeko aukera izango dute umeek, eta indarrak berreskuratzeko, 17:30etik aurrera txokolatea banatuko diete bertaratzen diren guztiei.
Hurrengo egunean, igandean, kalejiran frontoira joango dira auzotarrak eguerdian, eta gaztetxoen pilota partidak zein Santa Ines Pilota Txapelketaren finala jokatuko dituzte han. Arratsaldean, berriz, Urrezko Aizkorako jardunaldia eta Errota Harri Txapelketa izango dira.
Urtarrilaren 21ean, asteartez, ospatuko dute Santa Ines eguna auzotarrek. 11:00etan meza izango da, eta 14:00etan auzo bazkaria egingo dute. Urtarrilaren 24an, berriz, ostiralez, XXXIV. Mus Txapelketa jokatuko dute Bekoetxen, 22:30ean hasita. Txapelketarako izen-ematea 22:00etan zabalduko dute.
Hilaren 25ean, larunbatez, emango diete amaiera aurtengo Santa Ines jaiei. 12:00etan Itxaropena dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Ondoren, 13:00etan, pintxo lehiaketa egingo dute Gure Ordeka elkartean, eta jarraian, pintxo bazkaria izango da elkartean bertan. Arratsaldean berriz, triki-poteoa egingo dute Manexekin eta Erkizirekin frontoitik abiatuta. Gauean, garagardo afaria egingo dute; saltxitxak eta txerri saiheskia, postrea eta garagardoa izango dira jan-edanerako. Bi asteko festeki amaitzeko, Laket taldearekin erromeria izango da 00:00etan hasi eta goizaldera arte.
Hona hemen Santa Ines jaietako egitaraua, osorik:
- Urtarrilak 18, larunbata. Umeen Eguna.
- 16:00. Txupinazoa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 16:30. Haur jaioberriei ongietorria.
- 17:00. Iraetako tren txikia.
- 17:30. Txokolatada.
- Urtarrilak 19, igandea.
- 11:55. Goazen frontoira kalejira.
- 12:00. Gaztetxoen pilota partidak.
- 12:30. Iraetako Santa Ines Pilota Txapelketaren finala.
- 17:30. Urrezko Aizkorako jardunaldia eta Errota Harri Txapelketa.
- Urtarrilak 21, asteartea. Santa Ines eguna.
- 11:00. Meza.
- 14:00. Auzo bazkaria.
- Urtarrilak 24, ostirala.
- 22:30. XXXIV. Mus Txapelketa, Bekoetxen. Izen-ematea 22:00etan zabalduko dute.
- Urtarrilak 25, larunbata.
- 12:00. Itxaropena dantza taldearen emanaldia.
- 13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
- 14:00. Pintxo bazkaria Gure Ordeka elkartean.
- 19:30. Triki-poteoa, frontoitik hasita, Manexekin eta Erkizirekin.
- 21:00. Afari herrikoia: garagardo afaria. Saltxitxak eta txerri saiheskia, postrea eta garagardoa izango dira jan-edanerako.
- 00:00. Laket taldearen erromeria.