Giro ederra eta jende ugari, Zestoako San Silbestre lasterketan

Ihintza Elustondo 2024ko abenduaren 31

Haurren nahiz helduen lasterketak jokatu dituzte arratsaldean Zestoan. 11 eta 15 urte artekoetan, Intza Iturzaeta eta Unai Aizpurua izan dira nagusi, eta 16 urtetik gorakoen artean, Amets Aranberri eta Idoia Nogales.

Urteko azken egunean ohi duten moduan, San Silbestre lasterketa egin dute gaur Zestoan ere. Beste zenbait herritan goizez egiten duten arren, Zestoan arratsaldean egitea da ohitura, eta gaur ere halaxe izan da. 17:00etan hasita, haurren nahiz helduen probak izan dira, eta giro ederra sortu da herrian.

10 urte arteko haurrak izan dira korrika egiten aurrenak, eta horiek gozokiak eraman dituzte etxera. Gero, 11 eta 15 urte artekoen lasterketa egin dute; nesketan, Intza Iturzaeta izan da garailea, eta mutiletan, berriz, Unai Aizpurua. 16 urtetik gorakoen txanda izan da jarraian, eta horietan Amets Aranberri (07:22) eta Idoia Nogales (09:04) izan dira garaileak. Aipatzekoa da, gainera, Aranberrik goizean Azpeitiko San Silbestre lasterketa ere irabazi duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide