Abenduaren azken hondarretan iristen da beti Zoroperi eguna Zestoara, eta horrekin batera festa giroa. Zestoarrek egutegietan gorriz borobilduta izaten duten eguna da abenduaren 26a, eta aurtengoa, behintzat, borobil atera da. Eguraldi paregabearekin eta eguzkiaren epeltasunean ospatu zituzten zoroperiak, goizean hasi eta gauera bitarte.
Goizean, baserritarren eta artisauen azokak hartu zuten Zestoako plaza, eta jendetza bertaratu zen produktuak erostera nahiz dastatzera. Barazkiak, fruituak, gozoak, zukuak... denetarik aurki zitekeen plazan. Laranjadin, berriz, artisauek hartu zuten leku. Ekoizleak pozik agertu ziren, azokara jende asko gerturatu ez ezik, saldu ere nahikotxo egin zutelako.
Sabela betetzeko aukera ere izan zuten herritarrek. Goierriko talogileak gelditu gabe aritu ziren lanean, eta asko izan ziren txorizo eta talo usainak erakarrita jan-edanerako tentazioan erori zirenak.
Aurtengo berrikuntza, Itxaropena dantza taldearen eskutik iritsi da. Eguerdian, hainbat euskal dantza eskaini zituzten herriko plazan trikitilariek girotuta, eta adin guztietako herritarrak jarri zituzten dantzan. Bien bitartean, 33. Barazki eta Fruta Lehiaketa, Urolako 25. Ezti Lehiaketa eta Zestoako 24. Sagardo Txapelketa jokatu zituzten.
Sariketei dagokienez, aurtengo barazki lehiaketa Soraluzeko Aritzaga baserriko Ezozi Etxeberriak irabazi du; fruta lehiaketa Gabiriko Oñatibitxiki baserriko Jose Antonio Elosegik. Errezil sagar onenaren saria, berriz, Mugarrieta baserriko Andoni Aizpuruk eraman du. Zestoako sagardo txapelketako lehen saria Igartza baserriarentzat izan da, eta bertsoz eskertu zuten aitortza.
Arratsaldean borobildu zuten eguneko jaia, ohi bezala, Vamos al fronton abestiaren doinuetara egindako kalejirarekin eta kirol ikuskizunarekin. Aurten, Abantzu pilota klubak antolatuta, herri kirol erronka eta pilota jaialdia izan ziren. Erronkan hiru taldek neurtu zituzten indarrak: Aizarnak, Akoak eta Zestoak. Hainbat lan egin behar izan zituzten horiek, eta harri jasotzen, lasterka nahiz lokotx biltzen aritu ziren. Aleginak ahalegin, Aizarnakoak nagusitu ziren.
Ondoren, pilotan aritu ziren nor baino nor Txapei III.a eta Apezetxea, Sasiain eta Aizpururen aurka. Jendez eta festaz lepo bete zen frontoia, eta horren ostean kalean jarraitu zuen festak. Goizaldera arte luzatuko zuten batzuek eta besteek dagoeneko hasi dute hurrengo urteko festetarako atzera kontaketa.