Jende eta festa bete frontoi, Zestoako zoroperitako herri kirol jaialdian

Maialen Etxaniz 2024ko abe. 26a, 20:30

Herri kirol jaialdia izan da gaur arratsaldean Zestoan, zoroperitako hitzordu jendetsuenetakoa. Lehia eta festa uztartu dituzte pilotalekuan, eta aleginak ahalegin, Aizarnakoak nagusitu dira herri kirol proban.

Zoroperi eguneko urteroko ohiturei jarraituz, Vamos al fronton abestiaren doinuetara iritsi dira zestoarrak gaur arratsaldean kiroldegiko frontoira; izan ere, herri kirol erakustaldia izan da han. Giro paregabean sartu dira herritarrak pilotalekura, eta festa giroa izan da nagusi taldeen arteko erronkan zein pilota partidan.

Abantzu pilota klubak antolatuta, hiru taldek neurtu dituzte indarrak herri kirol erronkan: Aizarnak, Akoak eta Zestoak. Taldetan banatuta,  hainbat lan egin behar izan dituzte: harri jasotzea, lasterka pisua hartuta eta lokotx bilketa. Lehia eta festa uztartu dituzte, baina aleginak ahalegin, Aizarnakoak nagusitu dira proban. Bigarren sailkatu dira akutarrak eta hirugarren zestoarrak. Ondoren, pilotan aritu dira nor baino nor Txapei III-Apezetxea eta Sasiain-Aizpuru bikoteak.

Kirol ikuskizuna alaitzeaz Zestoako bandako kideak arduratu dira, eta giro paregabea sortu dute txaranga doinuekin frontoia kantuan eta dantzan jarrita.

Zoroperi egunak utzitako irudi eta adierazpenekin bideoa kaleratuko du bihar Gukak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide