Festa egun handia dute Zestoan, Zoroperi eguna

Nerea Uranga 2024ko abenduaren 26a

Zoroperi eguna Zestoan. (Anartz Izagirre)

Egun osorako egitaraua prestatuta dute Zestoan. Goiz-eguerdia partean barazki eta fruta, ezti eta sagardo lehiaketak izango dira , baita azoka ere. Arratsaldean, berriz, kirol erakustaldiak, bertsoak, dantzaldia eta abar.

Gabon gaua eta Eguberri eguna bata bestearen atzetik ospatu ondoren, Zestoan hiruko ospakizun erreskada izango dute gaurkoarekin. Izan ere, gaur, abenduaren 26an, Zoroperi eguna ospatuko dute egun osoz.

Goizean eta eguerdian, barazki eta fruta, ezti zein sagardo lehiaketetako postuek, artisauenek eta bestelako produktuen salmentarakoek beteko dute plaza, 10:00etatik aurrera; Segurako talogileak ere han izango dira, eta trikitilarien doinuek jantziko dute festa giroa. Eguerdian, trikitilarien eta Itxaropena dantza taldekoen emanaldia izango da.

"Denok pilotalekura" izan da Zoroperi egunaren arratsaldeko deia, pilota jaialdiak inoiz ez baitzuen hutsik egiten. Ildo beretik jarraitzen dute zestoarrek, baina "denok kiroldegira" bihurtu da deia. Izan ere, pilota partida ez ezik, herri kirol ikuskizuna ere izango dute gaurkoan. Akoako, Aizarnako eta Zestoako kuadrilla bana lehiatuko da. Pilotan, berriz, Txapei III.a eta Sasiain zestoarrak nor baino nor ariko dira aurreko koadroetan, Apezetxea eta Aizpuru bikotekide dituztela.

Zapotxin pailazoaren emanaldia, Erniarraitzekoen bertso poteoa eta Fun&Goren erromeria izango dira arratsaldetik aurrerako bestelakoak.

ZOROPERI EGUNA

Gaur, abenduak 26:

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 10:00. 33. Barazki eta Fruta Lehiaketa.
  • 10:00. Urolako 25. Ezti Lehiaketa; erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa (azalpenak, 12:30etik aurrera); eta erlauntzako produktuen dastaketa.
  • 10:00. Zestoako 24. Sagardo Lehiaketa. Horiez gain, Segurako talogileak, herriko eta kanpoko artisauak, eta salmenta postuak.
  • 11:00. Trikitilariak, kalejiran.
  • 12:15. Herriko trikitilariekin, Itxaropena dantza taldekoen dantza saioa, plazan. Herritar guztientzat irekia izango da dantza saioa.
  • 12:45. Barazki eta fruta, ezti zein sagardo lehiaketetako sari banaketak.
  • Ondoren, sagardo dastaketa, plazan.
  • 17:00. Denok kiroldegira kalejiran, txarangarekin.
  • Ondoren, herri kirol eta pilota jaialdia, Abantzu pilota klubak antolatuta. Hiru taldek neurtuko dituzte indarrak herri kirol erronkan: Aizarna, Akoa eta Zestoa. Pilotan, Txapei III-Apezetxea eta Sasiain-Aizpuru bikoteek jokatuko dute elkarren kontra.
  • 18:00. Zapotxin Esan, galtzerdi maitea! ikuskizuna.
  • 19:00. Bertso poteoa, Erniarraitz taldeak antolatuta, Aitor Sarriegirekin eta Jon Gurrutxagarekin.
  • 19:30. Fan&Go erromeria taldea, udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
  • 22:30. Fan&Go erromeria taldea, udaletxeko arkupeetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide