Zoroperiekin luzatuko dituzte ospakizunak Zestoan

Mailo Oiarzabal 2024ko abenduaren 20a

Plaza azokaz eta jendez beteta, Zoroperi egunez.

Aurten ere abenduaren 26an ospatuko dute Zoroperi eguna eta udalak atzo zabaldu zuen egitaraua, ekitaldiz ondo hornitua. Aurten, lehen aldiz, Akoako, Aizarnako eta Zestoako kuadrilla bana lehiatuko da egun horretan egingo duten kirol erronkan.

Gabon gaua eta Eguberri eguna bata bestearen atzetik ospatuta nahikotxo izango dute askok, baina Zestoan ohituta daude hiruko ospakizun erreskadara. Aurten ere abenduaren 26an ospatuko dute Zoroperi eguna eta udalak atzo zabaldu zuen egitaraua, ekitaldiz ondo hornitua.

Goizean eta eguerdian, barazki eta fruta, ezti zein sagardo lehiaketetako postuek, artisauenek eta bestelako produktuen salmentarakoek beteko dute plaza, 10:00etatik aurrera; Segurako talogileak ere han izango dira, eta trikitilarien doinuek jantziko dute festa giroa. Eguerdian, herriko trikitilarien doinuekin lagunduta, hain zuzen, Itxaropena taldekoak dantzan ariko dira plazan bertan, eta haiekin batera dantza egin nahi duten herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte. 12:45ean banatuko dituzte goizeko hiru lehiaketen sariak, eta ondoren, sagardo dastaketari ekingo diote.

Denak kiroldegira

"Denok pilotalekura" izan da Zoroperi egunaren arratsaldeko deia, pilota jaialdiak inoiz ez baitzuen hutsik egiten. Ildo beretik jarraitzen dute zestoarrek, baina "denok kiroldegira" bihurtu da deia. Izan ere, pilota partida ez ezik, herri kirol ikuskizuna ere izango dute aurten. Akoako, Aizarnako eta Zestoako kuadrilla bana lehiatuko da kirol erronkan harri jasotzen, lokotx biltzen eta karga eramaten, eta ikusminik ez da faltako. Pilotan, berriz, Txapei III.a eta Sasiain zestoarrak nor baino nor ariko dira aurreko koadroetan, Apezetxea eta Aizpuru bikotekide dituztela.

Zapotxin pailazoaren emanaldia, Erniarraitzekoen bertso poteoa eta Fun&Goren erromeria izango dira arratsalde-iluntzeko beste osagaiak.

ZOROPERI EGUNA

Abenduak 26, osteguna

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 10:00. 33. Barazki eta Fruta Lehiaketa.
  • 10:00. Urolako 25. Ezti Lehiaketa; erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa (azalpenak, 12:30etik aurrera); eta erlauntzako produktuen dastaketa.
  • 10:00. Zestoako 24. Sagardo Lehiaketa. Horiez gain, Segurako talogileak, herriko eta kanpoko artisauak, eta salmenta postuak.
  • 11:00. Trikitilariak, kalejiran.
  • 12:15. Herriko trikitilariekin, Itxaropena dantza taldekoen dantza saioa, plazan. Herritar guztientzat irekia izango da dantza saioa.
  • 12:45. Barazki eta fruta, ezti zein sagardo lehiaketetako sari banaketak.
  • Ondoren, sagardo dastaketa, plazan.
  • 17:00. Denok kiroldegira kalejiran, txarangarekin.
  • Ondoren, herri kirol eta pilota jaialdia, Abantzu pilota klubak antolatuta. Hiru taldek neurtuko dituzte indarrak herri kirol erronkan: Aizarna, Akoa eta Zestoa. Pilotan, Txapei III-Apezetxea eta Sasiain-Aizpuru bikoteek jokatuko dute elkarren kontra.
  • 18:00. Zapotxin Esan, galtzerdi maitea! ikuskizuna.
  • 19:00. Bertso poteoa, Erniarraitz taldeak antolatuta, Aitor Sarriegirekin eta Jon Gurrutxagarekin.
  • 19:30. Fan&Go erromeria taldea, udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
  • 22:30. Fan&Go erromeria taldea, udaletxeko arkupeetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide