Etxerako berokuntza sistemarik egokiena zein den jakiteko tailerra eskainiko dute hilaren 21ean

Iraia Oteiza 2024ko aza. 15a, 14:20

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia Argitu programaren barruko saioa izango da eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, hilaren 18rako.

Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako izeneko tailerra emango dute azaroaren 21ean, 18:30ean hasita, Alondero aretoan. Norberak bere etxean ezarri dezakeen berokuntza sistemarik onena zein den azalduko dute tailerrean. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak energia efizientziarako eta energia zaurgarritasunari aurre egiteko martxan duen Energia Argitu programaren barruko beste saio bat izango da Zestoan eskainiko dutena.

Programa horretako gainerakoak bezala, tailerra doakoa da, baina parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Hain zuzen ere, datorren astelehenean, hilaren 18an, bukatuko da izena emateko epea. Hilaren 21eko tailerrera joan nahi dutenek energiabulegoa@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena, edo astelehenetik ostiralera 09:00etatik 15:00ak bitartean 605 75 76 87 telefono zenbakira deituta. Edukiera mugatua izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide