Txikitasunean Handi, auzotar berrientzat ongietorri

Ane Olaizola 2024ko urr. 9a, 14:35

Hainbat arroar sokatiran, iazko Txikitasunean Handin. (Unax LarraƱaga)

Txikitasunean Handi ospatuko dute larunbatean Arroabean, eta auzoan aurrez abiatuta duten herri hezitzailearen lanketa txertatu dute aurten egitasmora; auzotar berriei harrera egitea izango du xede aurtengoak, eta ateak irekien saioak egingo dituzte goizean.

Txikitasunean Handi egitasmoa ospatuko dute datorren larunbatean Arroabean. Hango festa batzordeak 2016tik antolatu ohi izan du auzoa "txikitasunean handi" dela erakusteko ospatzen duten festa eguna, baina aurten, eragile desberdinen artean eta herri hezitzailea filosofiatik abiatuta prestatu dute egitasmoa; hori hala, auzora bizitzera joan direnei harrera egiteko baliatuko dute larunbaterako antolatu duten egitaraua, besteak beste, auzoa "lo-herri" bihur ez dadin.

Hazten ari den auzoa da Arroabea, eta hango bizilagun kopurua ere nabarmen hazi da azken urteetan. Hain zuzen, 89 etxebizitza egin dituzte berriki, eta horren eraginez, 200 bat bizilagun gehiago dituzte orain han, egitasmoaren antolatzaileen arabera: "Kopuru handia da hori, eta herri hezitzailearen inguruko prozesuan parte hartzen ari garenok lehentasuntzat jo genuen auzoan eskaintzen diren zerbitzuak, dinamikak eta ekintzak haiei jakinaraztea", esan du Miriam Aizpuru taldeko kide eta aurtengo egitasmoaren antolatzaileetako batek.

Auzotarrak 2016an hasi ziren, udalarekin batera eta Oinherri bidelagun zutela, herri hezitzailea filosofiaren inguruko lanketa egiten, eta prozesu horren barruan hainbat ekintza gauzatu dituzte azken urteetan. Urtearen hasieran, gainera, hainbat bilera egin zituzten, orain artekoaren balorazioa egiteko eta aurrera begirako helburuak ezartzeko. Orduan ezarritako lehentasunetako bat izan zen, hain justu, auzotar berriei harrera egitea, Arroabea ez zedin izan soilik haien lotarako gunea: "Arroabea betidanik izan da auzo oso bizia, eta urte asko daramatza askotariko mobilizazio, ekintza eta ikastaroak martxan jarrita, auzoan lokalak zein agenda beteta egon daitezen. Ordea, gure kezka zen auzoak bizitasuna gal zezakeela, auzoa lo-herri bihurtzeko beldur baikinen; jendea auzora lo egitera etorri, baina bizitza hemendik kanpora egingo zutenaren kezka genuen. Horregatik erabaki genuen aurtengo Txikitasunean Handi haiei harrera egiteko eguna izango zela".

Auzotarrei ate irekiak

Testuinguru horren barruan ospatuko dute Txikitasunean Handi eguna, eta horrenbestez, egitaraua ere berezia izango du; hain zuzen, auzotarrei ateak irekitzeko aprobetxatuko dute goiza. "Ate irekiak egingo ditugu, esaterako, haur-eskolan eta eskolan, eta hango informazioa emateaz gain, ekintzaren bat ere izango da, hala nola ipuin kontaketa saioa, dantza emanaldia eta bideo zein argazki proiekzio bat". Argiola Zestoako energia komunitatearen inguruko informazioa ere eskainiko dute eskolan bertan, besteak beste, Arroabeko eguzki plakak hango teilatuan jarriko dituztela aitzaki hartuta.

Eskolako ordutegitik harago antolatzen diren ekintzen berri ere emango dute 11:30ean, eta horretarako, auzoko lokalak eta Elkargunea zabalduko dituzte, urteko ekintzen eta ikastaroen berri izan dezaten bizilagun berriek. Ondoren, 12:30ean, Arroabeko saltoki eta ostalaritza zerbitzuetara joko dute, eta besteak beste, Txara kooperatibak, Ederki elkarteak eta Txomin zein Sakulupe tabernek beraien jarduna azalduko dute.

Goizeko ate irekien jardunaldiaren ondotik, ohiko festa kutsua hartuko du egitasmoak, eta herri bazkaria egingo dute eguerdian. Arratsaldetik aurrera, berriz, magia ikuskizuna, poteoa eta musika saioak izango dira nagusi.

Hemen egitaraua, osorik:

Larunbata, urriak 12.

    • 10:00. Ate irekiak haur-eskolan eta eskolan.
    • 11:30. Auzoko lokalak eta ekintzak Elkargunean.
    • 12:30. Txara kooperatiba.
    • 13:00. Ederki elkartea.
    • 13:30. Txomin eta Sakulupe tabernak.
    • 13:00. Haurrentzako Danbolin fanzine tailerra, plazan.
    • 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
    • 17:00. Iagomago, eskola zaharrean.
    • 18:00. Zumaiako karropoteoa herriko kaleetan zehar.
    • 22:00. Trikidantz erromeria, plazan.
    • 00:00. DJ Patx eta DJ Craf, Ederki elkartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide