Proiektu fotovoltaikoen gaineko informaziorako eta izena emateko mahaiak jarriko dituzte asteburuan Aizarnan eta Arroabean

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 25a, 12:00

Arroabeko eskola, artxiboko irudian.

Ostiralean zein larunbatean arratsaldez eta igandean eguerdiz jarriko dituzte mahaiak Argiolakoek bi tokietan. Interesa duten herritarrei argindar faktura eramateko eskatu diete.

Aizarnan eta Arroabean gauzatuko dituen proiektu fotovoltaikoak martxan jarri aurreko lanetan buru belarri ari dira Argiola Zestoako energia berriztagarrien kooperatibako kideak. Aurreko astean informazio batzarrak egin ondoren, asteburu honetan informazioa emateko zein proiektuan parte hartu nahi duten herritarrek izena emateko mahaiak jarriko ditu Argiolak Aizarnan eta Arroabean.

Ostiralean eta larunbatean arratsaldez (18:00etatik 20:00etara), eta igande eguerdian (12:00etatik 14:00etara) egongo dira Argiolakoak Aizarnan eta Arroabean, herritarrei proiektuen gaineko argibideak eta xehetasunak emateko, sor daitezkeen zalantza guztiak argitzen saiatzeko, eta energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko proiektu horietan parte hartu nahi duten herritarrei izena emateko aukera eskaintzeko. Interesa duten herritarrei argindar faktura eramateko eskatu diete Argiolakoek.

Zestoako Udalarekin lagapen hitzarmena sinatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso ondoren, "orain herritarren txanda" dela azpimarratu du Argiolak. Aizarnan pilotalekuaren teilatuan eta Arroabean eskolaren teilatuko zati batean –bestea udalak erabiliko du– jarriko ditu Argiolak eguzki plakak, eta instalazio horietatik bi kilometroko erradioan kokatutako etxebizitza, denda, elkarte zein enpresek izango dute kooperatiban parte hartzeko eta sortuko den energia baliatzeko aukera. "Autokontsumo partekatuaren bidez, egunez sortzen den energia zuzenean kontsumituko" dute energioa komunitatearekin bat egiten dutenek. "Erabakiak komunitatean hartuta, proiektu hauen onuradun izango gara", dio Argiolak. Kooprratibak azaldu duenez, herritar bakoitzak duen energia kontsumoaren araberako ekarpena egin eta kontsumo horretara egokitutako instalazio zatia eskuratu ahalko du, "argindar fakturan aurreztuz".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide