Zapatuan Gazteen Eguna eta igandeen Jubilatuen Eguna ospatuz Ama Birjina jaien atariko asteburu betean murgildu aurretik, kale antzerkiaz eta clown ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute bihar arratsaldean Zestoan.
18:00etan hasita, Oihulari Klown konpainiakoek Gabe antzeztuko dute Euskal Herria plazan, "testurik, konplexurik eta nahikeriarik gabeko ikuskizuna", taldeak obra aurkezteko erabilitako hitzetan. Hain zuzen ere, bi clown aktorek –Karmelo Muñozek eta Ander Muñozek– bi etxegaberen rolak antzezten dituzte Gabe-n, "pailazo arloteen tradiziorik garbienean", kritika soziala komediaren bidez eraikiz, adin guztientzako egokia den emanaldian. Virginia Imaz da ordubete inguruko iraupena duen clown ikuskizunaren zuzendaria.