Euskal Herritik ia hamar mila kilometrora, txistuak bat egingo du musika klasikoarekin. Hego Koreako Seongnam hirian, Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) txistulariak ezagutaraziko du haize instrumentua. Duela hamar urte, Asiako herrialde horretan bost kontzertu eman zituen, Tolosako udal txistulari bandarekin batera; baina oraingo honetan, Seongnameko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da, txistulari bakarlari gisa. Nanse Gumen zuzendaritzapean, Gutizia proiektuko bi obra interpretatuko ditu.
Zer dela-eta txistu emanaldi hau Hego Korean?
Orain dela hamar urte bost kontzertu eskaini genituen Hego Korean. Emanaldi horiek Unai Urretxok antolatu zituen, herrialdean bertan bizi den tronboi jotzaile eta orkestra zuzendariak. Berak eskaini dit, oraingo honetan ere, emanaldi hau egitea. Beste maila bateko orkestra batekin izango naiz, eta zuzendari titularrarekin arituko naiz.
Kontzertuan, zer joko duzu?
Orain bi urte Euskadiko Orkestrarekin grabatu nuen Gutizia disko bikoitzeko bi obra entzungo ditu jendeak. Batetik, Karibu Peponi izango da. Javier Martinez Campos konpositore gazteak sortutako obra horrek Kenyako tribu batean oinarritutako erritmo afrikarrak lantzen ditu; baina, noski, protagonista txistua izango da. Bestetik, Hora Staccato izango da. Grigoras Dinicuk idatzia, doinu errumaniarrak ditu. Ezaguna da, eta biolinarekin, tronpetarekin, eskusoinuarekin... jo izan ohi da, baina inoiz ez txistuarekin.
Elkarrizketa Berria egunkarian irakurri daiteke.