Zestoako Udalak datorren ikasturtean kiroldegian emango dituzten ikastaroen berri eman du. 2024-2025 ikasturtean zehar, honako ikastaro hauek eskainiko dituzte: senior fit +65, heldua fit maila aurreratua, yoga, multifitness, total training, spinning eta Arroa eta Aizarna Aktiboa. Horietan parte hartu nahi dutenek irailaren 2tik 11ra bitartean eman beharko dute izena kiroldegian bertan, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Taldeak sortu diren edo ez irailaren 16an jakinaraziko dute; izan ere, ikastaroetarako taldea sortzeko gutxieneko izen emate kopurua betetzea beharrezkoa izango da. Taldeak osatuz gero, ikastaroak irailaren 23an hasiko dira.
Ikastaroetan izena ematen dutenek ordainketa bi zatitan egiteko aukera izango dute: erdia ikastaroa hasten denean ordaindu beharko dute, eta beste erdia abenduan. Ordaintzeko modu bakarra helbideratuta izango da.
Beheko irudian ikus daiteke ikastaroen ordutegia:
