Asteazken arratsaldeaz geroztik festetan murgilduta izan dira aizarnarrak, baina kito, bukatu dira aurtengo amabirjinak, eta gaur atseden hartzeko moduan dira, atzokoa, jaietako laugarren eta azken eguna eta egun bete-betea izan baitzuten. Goizean, 11:00etan, umeen eta gaztetxoen krosarekin hasi zuten egitaraua, eta ondoren, 12:00 aldera, herri bazkaria prestatzeko lanei ekin zieten, paella egiteko prestaketei zehazki.
Bazkaltzeko hitzordua 15:00etarako zuten jarria, eta goiz hasi ziren prestaketekin, tartean oilasko biltzaileak dantza egitekoak baitziren plazan, eta halaxe egin zuten. Herri bazkaria eta gero bukatu zuten oilasko biltzearekin.
Iluntzean, egunari ez ezik aurtengo amabirjinei ere behar bezalako bukaera emateko, Davila DJaren saioa izan zen, 23:00etan hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte.