Etzi jarriko dituzte salgai Caixabank Masters Txapelketa ikusteko sarrerak

Intza Trula 2024ko abuztuaren 13a

Artxiboko irudian, pilota partida bat.

Irailaren 6an, Zestoako amabirjinetan, eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte Zestoako pilotalekuan. Lehia nagusian, Altuna III.a eta Iztueta arituko dira Ezkurdiaren eta Albisuren aurka.

Caixabank Masters Txapelketa Zestoako pilotalekura helduko da irailaren 6an, Zestoako amabirjinetan, eta etzi, osteguna, jarriko dituzte salgai jaialdirako sarrerak. Hala, eskuz binakako bi partidaz gozatzeko parada izango dute pilotazaleek egun horretan, 21:15etik aurrera. 

Eskuz binakako lehia nagusian, Altuna III.ak eta Iztuetak osatutako bikoteak Ezkurdiaren eta Albisuren aurka neurtuko dituzte indarrak –kanporaketen aurretik jokatuko duten azken jardunaldia izango da–. Lehia nagusiaren atariko, ordea, beste norgehiagoka bat jokatuko dute Egiguren V.ak eta Erostarbek Salaberriaren eta Gabirondoren aurka.

Hori hala, Zestoako Udalak 150 sarrera jarriko ditu salgai ostegunetik aurrera udaletxean eta Turismo Bulegoan, eta horrez aparte, honako lotura honetan ere eskuragarri egongo dira –partidaren egunean oraindik sarrerak geratzen badira leihatilan erosi ahal izango dira–. 30 euroan eskuratu ahal izango da sarrera bakoitza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide