Uda sasoian festak ez du etenik inguruko txokoetan, eta asteazkenetik larunbatera bitartean, hilaren 14tik 17ra, Aizarnan ospatuko dituzte Amabirjin jaiak. Adin eta gustu guztietarako egitaraua ondu dute aurten ere, musika emanaldiz, bazkariz zein afariz eta jolasez beteta.
Hori hala, etzi, asteazkena, Amabirjina bezpera, txupina botata hasiko dituzte aurtengo Amabirjin jaiak, eta jarraian, Enaitz Alberdirekin eta Julen Ruedarekin triki poteoaz gozatuko dute auzoan barrena. Iluntze partean, herri afaria egingo dute, eta eguna borobiltzeko Olgetan taldearekin erromeria izango da.
Ostegunean, Amabirjin egunean, jubilatuen hamaiketakoarekin eta pilota partidekin hasiko dute eguna. Bertan, Bergara eta Lizarralde Aranbururen eta Iraolaren aurka lehiatuko dira; Azkue eta Apezetxea, berriz, Uriaren eta Alonsoren aurka arituko dira, eta A. Egigurenek eta U. Egigurenek Sasiainen eta Alonsoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Arratsaldean, herri kirolak izango dira, eta iluntzean Garixe eta Lanberri trikitilariekin dantzatzeko aukera izango dute.
Umeen txanda izango da ostiralean, hilaren 16an. Goizean txupinazioa botako dute, eta ondoren ur jolasak antolatu dituzte. Eguerdian, haurren eta gurasoen bazkaria izango da. Bazkalondoan jarraituko du festak jinkanarekin, txokolatadarekin, adabaki ikuskizunarekin eta Patx DJaren saioarekin.
Larunbatean, hilaren 17an, agurtuko dituzte jaiak. Besteak beste, oilasko biltzaileen irteera, umeen eta gaztetxoen krosa, oilasko biltzaileen dantza, herri bazkaria eta Davila DJaren saioa antolatu dituzte egun horretarako.
Honakoa da Amabirjin jaietako egitaraua:
Etzi, asteazkena, Amabirjin bezpera
- 18:00. Txupinazoa.
- 18:00-21:00. Trikipoteoa Enaitz Alberdirekin eta Julen Ruedarekin.
- 21:00. Herri afaria.
- 00:00-03:00. Olgetan erromeria.
Abuztuak 15, osteguna, Amabirjin eguna
- Jubilatuen hamaiketakoa.
- 12:30. Pilota partidak: Bergara-Lizarralde vs Aranburu-Iraola; Azkue-Apezetxea vs Uria-Alonso A.Egiguren-U.Egiguren vs Sasiain-Alonso.
- 18:00. Herri kirolak.
- 22:30-01:00. Garixe eta Lanberri trikitilariekin erromeria.
Abuztuak 16, ostirala
- 11:00. Umeen txupinazoa.
- 11:30. Ur jolasak.
- Ondoren, haur eta gurasoen bazkaria.
- 17:00. Jinkana.
- 18:30. Txokolatada.
- 19:00. Adabaki ikuskizuna.
- 23:00-05:00. Patx DJa.
Abuztuak 17, larunbata
- 07:00. Oilasko biltzaileen irteera.
- 11:00. Ume eta gaztetxoen krosa.
- 12:00. Paella prestaketa.
- Ondoren, oilasko biltzaileen dantza plazan.
- 15:00. Bazkaria herrikoia, paella jana.
- Ondoren, oilasko biltzearen amaiera.
- 23:00- 03:00. Davila DJa.