San Lorentzo egunarekin ospatu dituzte gaur, abuztuaren 10ean, San Lorenteko jaiak, izen bereko ermitaren bueltan.
Mezarekin hasi dute eguna, eta meza ondoren, eguraldi onak lagunduta, auzotarrek ermitaren kanpoan prestatu duten hamaiketakoarekin gozatu dute bertaratuek. Ermitaren inguruko itzaletan jarrita dastatu dituzte txorizo ogitartekoak eta edari freskoa, Ane Urbietak eta Maialen Larrañagak soinua eta panderoa astintzen zituzten bitartean. Lopene ganadutegiko ponien txanda etorri da gero, San Lorenten elkartu diren umeen pozerako; eta bertsoek ere ez dute hutsik egin, Danel Olanoren eta Joxe Mari Iriondo Akulu-ren eztarrietatik.
Arratsaldean, berriz, aurtengo berrikuntzarekin borobildu dute festa eguna San Lorenten. Salgai jarritako 140 sarrerak agortuta, ermita mukuru beteta, eman du kontzertua Eñaut Elorrietak, bere Ateosteko biraren barruan.