Asteazkenetik gelditu ere egin gabe ibili eta gero, gaur atseden hartzeko eguna dute Arroagoian, bukatu baitira Santio eta Santa Ana jaiak. Atzo, azken egunean, umeak izan ziren protagonista, eta haiei zuzendutakoak izan ziren festetako egitarauko ekintzarik gehienak.
Goizean Tolareko igoera egin eta gero, altxorraren bila jolasarekin hasi zuten beren eguna auzoko haur eta gaztetxoek. Jarraian, bazkaria egin zuten; ondoren, jolasak eta apar festa; eta azkenik, txololate jana. Auzoko zein inguruko auzoetatik eta herrietatik joandako dozenaka umek parte hartu zuten jarduera horietan, eta gonbidatu bereziak ere izan zituzten atzokoan. Izan ere, Oporrak Bakean programari esker uda Euskal Herrian igarotzen ari diren Mendebaldeko Saharako umeak Arroagoian izan ziren atzo arratsaldean. Goizean Zestoako udaletxean harrera egin zieten, eta arratsaldea Arroagoian pasatu zuten.
Umeentzako ekintzak bukatuta, gauean Joselu Anaiak taldeak kontzertua eman zuen plazan, eta horren ostean, Olber DJa izan zen goizaldeko ordu txikiak arte festa girotu zuena.