Atzo txupinazoa botata, festetan bete-betean dira Arroagoian

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 25a, 14:10

Patata tortilla eta sagardo txapelketak eta pilota partidak izan dira eguerdira artean. Arratsalderako, berriz, bertsoz lagundutako herri kirol ikuskizuna antolatu dute, eta iluntzerako argazki proiekzioa eta erromeria, Izer eta Alabier trikitilariekin.

Atzo arratsaldean txupinazoa botata eta ondorengo herri afariarekin eta erromeriarekin ekin zieten Arroagoian Santio eta Santa Ana festei, eta gaur, Santio eguna, festetako egun handienetako bat izanda, goizean goizeatik jai giroa nabaria zen auzoan. Patata tortilla eta sagardo txapelketak jokatu dituzte, eta pilota partidak ere izan dira eguerdi artean, eta auzotar eta bisitara, dozenaka izan dira ekitaldi horien bueltan batu diren herritarrak.

Patata tortilla lehiaketa Izaskunek irabazi du eta Milarentzat izan da bigarren saria. Sagardo txapelketa, berriz, Etxeberrik irabazi du, 22 punturekin; Azketa Errota gelditu da bigarren, 19 punturekin; eta Zubeltzu Torre hirugarren, 18 punturekin. Azkenik, nesken arteko pilota partidan, Laia Gastiain eta Araia Otaño izan dira txapeldunak, Naira Otaño eta Uxue Egañari 16-7 irabazita; eta mutilen artekoa, berriz, Aiert Uriak eta Aritz Alonsok irabazi dute, Unai Lizarralde eta Ioritz Agirre 22-16 mendean hartuta.

Txapelketa guztietako sariak banatuta bukatu dituzte goiz partekoak, baina datozen orduetan eta egunetan ere izango da festetako ekitaldirik.  

Egitaraua

Uztailak 25, osteguna. Santio eguna.

  • 18:30. Herri kirolak.
  • 22:30. Argazki proiekzioa.
  • 23:00. Izer eta Alabier trikitilariak.

Uztailak 26, ostirala. Santa Ana eguna.

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa eta bazkaria.
  • 17:30. Bakarrizketa saioa, Ion Martinez Txiki-ren eskutik.
  • 19:00. Herritarren arteko kirolak.
  • 23:00. Etxebarria aita-semeekin erromeria.
  • 01:00. Olber DJa.

Uztailak 27, larunbata.

  • 11:00. Tolareko Igoera.
  • 12:00. Altxorraren bila.
  • 14:00. Umeen bazkaria.
  • 16:30. Umeentzako jolasak. Izen ematea 16:00etan zabalduko dute.
  • 17:30. Apar festa.
  • Jarraian, txokolatada.
  • 23:00. Joselu anaiak.
  • Tartean, otarrearen zozketa eta argazki lehiaketako irabazlea.
  • 02:00. Olber DJa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide