Zenbait herritarrek Zubiaurreko aisigunearen eta Uztapide plazako parkearen lanak "kaltetu" dituztela salatu du Zestoako Udalak

Intza Trula 2024ko uzt. 24a, 17:15

Uztapide plazako jolasgunea, kaltetuta. (Zestoako Udala)

Lanak hasi zituztenetik sarrera debekatuta dago Zubiaurreko aisigunera zein Uztapide plazaren ondoko parkera. Zenbait herritarrek hesiak zeharkatu dituztela eta obretan ibili direla esan du Zestoako Udalak.

Zubiaurreko aisigunera eta Uztapide plazaren ondoan kokatzen den jolasgunera sartu ezin dela gogorarazi die Zestoako Udalak herritarrei: izan ere, azken egunotan jendea obretara sartu eta lanak "kaltetu" dituela salatu du instituzioak. 

Alde batetik, udalaren esanetan, Uztapide plazaren ondoko parkean ezarri den tranpolin berriak kalteak jasan ditu: "Eserleku berrien babesgarriak erre dituzte, eta obretarako materiala apurtu eta lehortu gabe zegoen kautxuzko lur berria erabat kaltetua izan da". Hori hala, kostuak igo ez ezik, lanak berriro egin behar izan dituztela esan du udalak. Horrez aparte, jolasgune berriaren lanak aurrekontu parte hartzaileei esker gauzatzen ari direla gogorarazi nahi izan du instituzioak: "Hainbat herritarren bozkari esker ari dira egiten lan horiek".

Bestetik, Zubiaurreko aisigunean jendea sartu dela dio udalak: "Langileak alde egin eta gero jende ugari sartu dela ohartu gara, bizikletekin zein patineteekin, baita bertako makinetara igota ere". "Herritarrei irmoki adierazi nahi zaie, izan guraso, haur edo gazte, lanak amaitu arte obretara ezin dela sartu. Lanak amaitu gabe dauden eremuak hesiz itxita badaude, nagusiki segurtasunagatik izan ohi da, eta bertako makina, horniketa elektriko eta abarrek kalte pertsonal larriak sor ditzakete", azpimarratu du instituzioak.

Horrez gainera, Zubiaurreko aisigunean "zabor mordoa" pilatzen ari dela salatu du instituzioak: "Ibaiaren ondoan zabor hori pilatzeak kalte larria eragin diezaioke naturari". Horrenbestez, "nork bere zaborra dagokion tokira bota dezala" eskatu die udalak herritarrei. 

Gertatutakoa ikusi ostean, dei berezia egin die udalak haurren gurasoei, "seme-alaben artean herriko elementuak errespetatzeko mezua zabal" dezaten. Ondorengoa erantsi du: "Obratan dauden ingurune hesituetan euren haurrekin zenbait guraso sartu izanak ere ez gaitu herri bezala leku onean uzten. Hainbat herritarren jokabide desegokiek herritar guztiak kaltetzen ditu, eta bada garaia jarrera hauek alde batera uztekoa".

Uztapide plazako parkea uztailaren 27an, larunbatez, zabalduko dute; Zubiaurreko aisigunea, berriz, abuztuaren 1ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide