Amabirjinetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan du Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 18a, 15:52

Zestoako plaza jendez beteta, 2023ko amabirjinen txupinazorako. (Aitziber Arzallus)

Abuztuaren 5era arte aurkez daitezke lanak udaletxean. Zestoan erroldatutakoek bakarrik parte hartu dezakete eta lehiakide bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkez ditzake.

Iraileko festetako egitaraua jasoko duen argitalpenaren azaleko irudia aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Zestoako Udalak. Lanak udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira eta abuztuaren 5a izango da horretarako azken eguna.

Lehiaketare deialdiarekin batera eman du udalak oinarrien berri. Zestoan erroldatutakoek bakarrik parte hartu dezakete eta lehiakide bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkez ditzake. Lanek jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak beharko dute izan, eta horien neurria ere zehaztu dute oinarrietan –21 x 21 zentimetro–, baita leloa ere: Zestoa Festak 2024 edo Zestoako festak 2024 testua agertu beharko da egitarauaren azalean. Lanak lehiaketara aurkezteko moduari dagokionez, lan bakoitzarekin batera, karta-azal baten barruan, egilearen datuak eta NAren zenbakia idatzi beharko dituzte; lanaren atze aldean, berriz, NAren zenbakia; eta hori guztia –karta-azala lehiakidearen datuekin eta aurkeztu behar den lana–, beste karta-azal baten barruan aurkeztu beharko da.

250 euro

Lehiaketaren irabazleak 250 euroko saria jasoko du. Epaimahaia udalaren Kultura, Kirol eta Jai batzordearen kideek eta horiek izendatutako adituek osatuko dute.

Zestoako Udala izango da saritutako lan bakarraren jabea, eta horrenbestez, lana argitaratzeko eskubidea izango du erakundeak, egileari aparteko ordainsaririk eman gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide