Karmenak ate joka dituzte Arroabean. Festa Batzordeak eta Ederki elkarteak uztailaren 15etik 21era artean antolatu dituzte festak, eta tartean, herri bazkariak eta afariak egingo dituzte. Horietan izena emateko epea ireki dute dagoeneko. Txara dendan eman behar da izen, eta izena eman orduko ordaindu behar da.
Karmen bezperako, uztailaren 15erako, herri afarirako txartelak uztailaren 10a baino lehen hartu behar dira, eta gainontzeko otorduetarakoak (uztailaren 18an jubilatuen bazkaria izango da eta hilaren 19an herri afaria) uztailaren 12a baino lehen.
Umeen Eguna uztailaren 19an ospatuko dute Arroabean, eta umeen bazkarirako izena emateko epea ere zabaldu dute. Hilaren 13ra bitartean izango da horretarako aukera, eta bazkariaren prezioa 8 euro da. Txara dendan eman beharko da izena eta bertan ordaindu beharko da. Menua makarroiak, solomoa patatekin eta izozkia izango da. Txerrikia jaten ez duten haurrek bazkarirako izena emateko orduan adierazi behar dute hori.
Paella Lehiaketa
Festen antolatzaileek adierazi dutenez, aurten Kuadrillen Eguneko bazkarirako Paella Lehiaketara animatzen diren kuadrilla guztiek bazkarian zehar lantxo txiki bat hartu beharko dute, bazkaria denen artean aurrera ateratzeko. Beraz, paella lehiaketan izena ematen dutenekin uztailaren 13an bilera txiki bat egingo dute Festa Batzordekoek.