Datorren astea antzerkiarena izango da Zestoan

Nerea Uranga 2024ko eka. 20a, 15:56

'Sorgin baratza' antzezlanaren entseguko une bat. (Danbolin)

Ekainaren 24tik 29ra Zestoako Antzerki Astearen hamabigarren edizioa antolatu du Eromen arte eszenikoen eskolak. Antzerki jaialdiaren lehen hiru egunetan, Sorgin baratza obra estreinatuko dute Eromen interpretazio eskolakoek, Lili jauregian.

Eromen interpretazio eskolako ikasleen Sorgin baratza antzezlanaren estreinaldiarekin hasiko dute astelehenean, ekainaren 24an, hamabigarren Zestoako Antzerki Astea. Ekainaren 29ra bitartean, antzerkiarekin gozatzeko aukera izango dute zestoarrek eta Zestoara joaten direnek.

Sorgin baratza kale antzezlana da, eta Lili jauregiaren inguruetan egingo dute hiru egunetan; astelehenean, asteartean eta asteazkenean. Obra hori ikusteko sarrerak, ordea, agortuta daude; saltzen jarritako egunean bertan bukatu ziren. Eromenekoek nabarmendu  dute antzezlan horretako aktoreen jantziak elkarlanean sortu dituztela aurten AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolako Neurriko eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako ikasleekin.

Zestoako Antzerki Asteko gainontzeko konpainia profesionalen ikuskizunak, azken edizioetan bezala, Caravan Parkeko eraikinean (Zestoako industrialdean) izango dira. Emanaldi horietarako sarreren prezioa 8 eurokoa da, eta 18 urtetik beherakoek %50eko deskontua izango dute. Sarrerak Zestoako Turismo Bulegoan edota Entradium.com webgunearen bidez eskuratu daitezke.

Egitaraua:

- Ekainaren 24a, 25a eta 26a. Sorgin baratza antzezlana, Eromen Interpretazio eskolako ikasleak. 21:30ean, Lili jauregian. Sarrerak agortuta daude.

- Ekainaren 27a, osteguna. Gure xaharrak antzezlana. 20:30ean, Caravan Parken.

- Ekainaren 28a, ostirala. Putaren bakarrizketa eroetxean obra. 20:30ean, Caravan Parken.

- Ekainaren 29a, larunbata:

  • 12:00-14:00. Nola sortu istorio txikiak tailerra, 14 urtetik gorakoentzat, Caravan Parken. Kataluniako La Baldufa konpainiak emango du. Izena emateko 658 73 90 32 telefonora idatzi behar da.
  • 19:30. Katagorrriaren elezaharra familia osoarentzako antzezlana, Caravan Parken.

Ikasturte berrirako izen ematea

Datorren ikasturterako izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko Zestoako Eromen interpretazio eskolan. Heldu, gazte nahiz haurrek eman dezakete izena. Horretarako eromenprodukzioak@gmail.com helbide elektronikora idatzi edota 658 73 90 32 telefonora deitu behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide