Irati Iribarrek eta Ivan Rodriguezek irabazi dute Arroabeko Udaberriko IV. Argazki Rallya

Intza Trula 2024ko eka. 15a, 10:45

Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia, Arroabeko Eskola Zaharrean. Irati Iribarrek 16 urtez azpikoen kategorian eskuratu du lehen postua; Ivan Rodriguez, berriz, 16 urtetik gorakoen kategorian izan da txapelduna.

Ezkaizto auzo elkarteak antolatutako Arroabeko Udaberriko IV. Argazki Rallya heldu da bere amaierara, eta atzo arratsaldean banatu zituzten sariak Arroabeko Eskola Zaharrean.

Maiatzaren 26an jokatu zuten Arroabeko Udaberriko IV. Argazki Rallya, bi kategoriatan banatuta: 16 urtetik beherako parte hartzaileek talde bat osatu zuten, eta hortik gorakoak bigarren talde batean lehiatu zuten. Hori hala, 16 urtez azpikoen mailan Irati Iribarren lana eman du txapelduntzat epaimahaiak. Bigarren postua Aimar Merinorentzat izan da, eta hirugarrena Markel Gallegok eskuratu du. Halaber, argazkirik dibertigarrienaren saria Oihan Ruizentzat izan da.

16 urtetik gorakoen kategorian, berriz, Ivan Rodriguezentzat izan da lehen postua. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, Eduardo Merino eta Kepa Iribar izan dira, hurrenez hurren. Argazki artistikoenaren saria ere banatu dute kategoria honetan, eta Sonia Alvarezek irabazi du.

Horrez gainera, 16 urtetik gorakoen kateogorian Arroabeko herritarren saria Josune Larrañagarentzat izan da, eta 16 urtez azpikoen mailan Andonaik irabazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide