Kiroldegiko pilotalekuaren berrinaugurazioaren harira, hainbat jarduera antolatu ditu Zestoako Udalak egunotarako. Atzo, asteazkena, Euskal pilota garai berrietara egokitzen mahai ingurua egin zuten Kultur Etxeko aretoan, eta han parte hartu zuen Iera Agirre eta Oinatz Bengoetxea pilotari leitzarrek eta Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak; Kepa Iribar kazetariak moderatu zuen saioa.
Gaiak ertz asko izanik, Iribarrek botatako galderei erantzunez hasi ziren pilotariak. Agirrek nabarmendu zuen gizonen eta emakumeen pilota profesionalaren artean badirela aldeak. "Bi errealitate oso desberdin dira. Gaur egun badaude neska pilotari profesionalak, urte osoko lan kontratua dutenak eta mutilek baino gehiago jokatzen dutenak", nahiz eta urte osoko kontratuak izateak ez duen esan nahi kontratu milioidunak dituztenik. Nesken pilotari indarra emateko garaian pilota eskolen duten garrantzia azpimarratu zuen Agirrek. "Pilota eskoletan lan handia egiten ari gara, baina oraindik ere lan asko dago egiteko".
Bengoetxeari azken hogei urteotan pilota munduak izan dituen aldaketez hausnartzeko eskatu zion Iribarrek, eta leitzarrak erantzun zion, lehen eta orain, funtzionamenduak igualtsua izaten jarraitzen duela. "Dena enpresek manejatzen dute, eta piltotariak enpresa horietako langileak dira. Haiek hartzen dituzten erabaki askorekin ez gara ados egoten, baina horiek onartzen ikasi egiten dugu, nahiz eta jendeari askotan injustiziak direla iruditzen zaion". Pilotak diru asko mugitzen duela adierazi zuen, eta azkenean, horrek agintzen duela, "enpresak dirua egiteko baitaude".
Dirua egin behar horrek presa dakarrela esan zuten Bengoetxeak zein Alberdik. "Pilotari onak asko daude, baina aukerak falta dira", esan zuen azpeitiarrak. "Debutatzera iristen direnek ere oso denbora gutxian erakutsi behar izaten dituzte beraien gaitasunak, bi urterako kontratua besterik egiten ez dietelako. Ohitzen zarenerako ia urtea joaten zaizu, eta lesioren bat izaten baduzu, akabo". Hasierako etapa horrek luzexeagoa izan beharko lukeela iritzi dio Alberdik, "gutxienez, hiru urtekoa". Ildo beretik, pilotari gazteei aukerak ematea beharrezkotzat jo zuen Bengoetxeak ere: "Nire garaian aurrekontratuak egiten zizkiguten piltariok ziur izaten genuen debutatuko genuela. Gaur egun, enpresek pilotari gazte askori egiten diezkiete aurrekontratuak, baina gero, egin bezala hausten dituzte kontratu horiek, debutatzeko aukerarik ere eman gabe".
Asteburuan, pilota partidak
Atzoko mahai ingurua eta gero, larunbatean, maiatzak 25, Emakumeen Udaberri Torneoko bertso pilota saioa izango da kiroldegiko pilotalekuan, 18:30ean. Bertan arituko dira, Aldaregia pilotariarekin batera Eguzkiloreak taldea osatuz, Naroa Agirre arroarra eta Oihana Orbegozo azpetiarra. Mitxoletak taldearen –Iturriaga, Ruiz de Larramendi eta Mendiburu– aurka arituko dira Eguzkiloreak. Partidan zehar, Nerea Elustondo eta Maialen Akizu bertsolariek jardungo dute bertsotan. Sarrerak bost euroan daude salgai Zestoako Turismo Bulegoan –haurrek doan sartu ahal izango dute–. Halaber, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.
Azkenik, maiatzaren 26an, igandean, gizonen esku pilota profesionaleko partidak izango dira. 17:15ean hasita. Artolaren eta Zabalaren artean aurreikusita zegoen norgehiagoka ez da jokatuko, azken honek eskua minduta baitu. Ondorioz, pilota jaialdiak aldaketak izango ditu, eta eskuz banakako partidaren ordez binakako bi partida jokatuko dituzte: alde batetik, Artola eta Imaz Etxeberriaren eta Zabaletaren lehiatuko dira. Bestetik, Elordi-Bikuña eta Jaka-Azpiroz izango dira aurrez aurre. Sarrerak aurrez erosi nahi dituztenek 615 76 89 80 telefono zenbakira deitu behar dute. Halere, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango da.