Zestoako Udalak auto elektriko bat jarri du herritarren eskura, eta ekainaren 1etik aurrera erabili ahal izango da. Udalak eta Hyundai etxeak sinatutako hitzarmenari esker, hasiera batean, urte betez egongo da autoa herrian, zestoarrek eta udal langileek behar dutenean erabil dezaten. Hain justu, gaur eguerdian eman dituzte auto partekatuaren erabileraren xehetasunak Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Jon Tolaretxipi Hyundai Oarso Car enpresako ordezkariak.
Arregik jakitera eman duenez, autoak ordutegi zehatz bat izango du: astelehenetik ostiralera, 12:00etara arte, udal langileentzat erreserbatuta egongo da, eta 12:00etatik 22:00ak arte erabili ahal izango dute gainerako herritarrek. Asteburuetan eta jaiegunetan berriz, 08:00etatik 22:00etara egongo da herritarren eskura. Tarifen berri ere eman du alkateak: ordu bakoitzeko bost euro ordaindu beharko dira eta autoa egun osorako hartzeak 30 euroko kostua izango du.
Erreserba guztiak VIVe Hyundai app-tik egin beharko dira, eta horretarako erabiltzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte; hala nola Zestoan erroldatuta egotea, gidabaimena, gutxienez, duela hiru urtetatik izatea eta 25 urtetik gora izatea –agiri guztiak app-ra igo beharko dira–.
Erabiltzaileek nahi adina ordu erreserba ditzakete ordutegiaren barruan, eta zenbat denboraz erabiliko duten zehaztuko dute autoa hartu aurretik. Behin erreserba eginda, app-aren bitartez zabaldu ahal izango dute autoa, eta ibilaldia amaitzean eta errekarga puntuan uztean End botoia sakatuko dute –autoaren kargagailua Zubimusuko igogailuaren ondoan dago kokatuta, eta hor utzi beharko da beti–. Alkateak jakinarazi du, auto partekatuaz "erabilera desegokia" egiten duenari baja emango zaiola.
Elektrikoa, klima aldaketari "aurre" egiteko
Hyundai Kona da ekarri duten autoa, elektrikoa eta isuri gabekoa. Tolaretxipik azaldu duen moduan, herri barruan 660 kilometroko autonomia dauka, eta hortik kanpo, berriz, 480 kilometrokoa. Halaber, jakinarazi du 180 kilometroko perimetroaren barruan ibili ahal izango dela.
Larrialdi klimatikoaren gaia "lehen lerroan" dagoela aipatu du Arregik, eta ekimen hau "interesgarria" dela horri aurre egiteko: "Proiektu honetan parte hartuz gure alea jarri nahi dugu". Horrez aparte, auto partekatuak inguruetara mugitzeko eskainiko dituen aukerez mintzatu da: "Egia da badugula garraio publikoa herrian, eta hiriburuarekin dugun lotura nahiko ona dela, baina Zestoako auzoetara eta inguruan ditugun bailaretara mugitzeko aukerak ez dira hain onak".
Hyundai Oarso Car enpresak 10.000 biztanletik behera dituzten herrietan proposatu du auto partekatuaren ekimena: duela bi urte jarri zuten auto partekatua Usurbilen (Gipuzkoa), eta Zestoa da ekimenera batu den bigarren herria.