GI-631 errepidearen zeharbidea eraldatzeko hitzarmena, eginda

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 21a, 18:21

GI.631 errepidearen Zestoako zeharbidea eta Gesalaga kalerako bidegurutzea. (Mailo Oiarzabal)

Udalak joan den ostegunean eta foru aldundiak gaur, Diputatuen Kontseiluak Zestoan bertan egin duen batzarrean, onartu dute proiektua gauzatzeko akordioa. 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin, lanak datorren udazkenean hastea eta 2025eko udaberrian amaitzea aurreikusi dute.

Zestoa zeharkatzen eta erdigunea erdibitzen duen GI-631 errepidean ibilgailuen abiadura moteltzeko eta herriko sarrera-irteerak hobetzeko bulebarizazio proiektua gauzatzeko hitzarmena egin dute Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Joan den ostegunean, ezohiko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten udal ordezkariek proiektua egikaritzeko eta finantziatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatzea zein proiektuaren plegu administratiboak eta teknikoak. Gaur, berriz, aldundia izan da hitzarmenari argi berdea eman diona, eta Zestoan bertan egin du gainera. Izan ere, foru erakundearen Diputatuen Kontseiluak Lili jauregian egin du gaur bere batzarra.

Maiatzaren 16ko udalbatzarrean azaldu zutenez, udalak eta aldundiak sinatuko duten hitzarmearen arabera, lanek 1,6 milioi euroko aurrekontua izango dute, BEZ barne, eta zortzi hilabeteko exekuzio epea. Hitzarmena gauzatuta, Zestoako Udalak lizitatu eta esleituko du proiektua, eta aurreikuspenak betetzen badira, lanak datorren udazkenean hasi eta 2025eko udaberrirako amaituko dituzte. Finantzaketari dagokionez, udalak bere gain hartuko du aurrekontuaren %68,58, eta Bide Azpiegituretako foru departamenduak, berriz, %31,42. GI-631 errepidearen Zestoako zatia eraldatzeko asmoa aurreko agintaldian aurkeztu zuten eta orain gauzatuko dute.

Xehetasunak

GI-631 errepidearen Zestoako zeharbidean egingo dituzten lanekin, esan bezala, trafikoa moteltzea eta herrirako sarrera-irteerak berrantolatzea lortu nahi dute, "mugikortasuna erraztuz, errepidearen segurtasuna hobetuz eta, gisa horretan, herritarren ongizatean eragin positiboa lortuz".

Helburu horiek lortzeko hartuko dituzten neurri zehatzak azaldu dituzte gaur bi erakundeek. Hala, Toribio Altzagako lotunetik Gesalagakoraino, 690 metroko tartean hainbat jarduketa egingo dituzte. Besteak beste, zeharbideak herrigunearen hainbat kalerekin dituen "lotuneak hobetuko" dituzte –Arteaga auzoa, Gurutzeaga, Enekosauztegi eta Gesalaga aipatu dituzte– eta, ondoren, kasu batzuetan, kale horietan trafikoaren norabideak aldatu egingo dituzte. Izan ere, GI-631 errepidean bertan ez ezik, proiektuak Zestoako herriguneko trafikoarewn eta mugikortasunaren berrantolaketan ere eragingo du. Zeharbideari dagokionez, 1,8 metroko erdibitzailea eraikiko dute, "errepidearen bi galtzadak bereiziko dituena"; erdibitzailearen bi aldeetara geldituko diren erreiek 3,5 metroko zabalera izango dute. "Jarduketa horren bitartez, abiadura 50 km/h-ra jaitsi ahal izango da tarte guztian", zehaztu dute proiektuaren arduradunek.

"Hobekuntza nabarmena"

Bai gaur, bai joan den ostegunean, Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatzera doazen proiektuaren garrantzia zein bi erakundeen arteko lankidetzaren eredugarritasuna azpimarratu dituzte.

GI-631 errepidearen bulebarizazioa "hobekuntza nabarmena" izango da ibilgailuentzat zein oinezkoentzat, Eider Mendoza ahaldun nagusiak gaur Ekainberri atarian nabarmendu duenez. Errepide horrek eskualdearentzat duen "garrantzia" datuekin azaldu du Mendozak: egunean, batez beste, 10.000 ibilgailu igarotzen dira Zestoako zeharbidetik, eta trafikoaren %7 ibilgailu astunei dagokio. "Zestoarrentzat nahiz bailara osoko herritarrentzat, hau da eskualdea AP-8 autobidearekin lotzeko pasabidea. Baina, aldi berean, herria zeharkatzen duen zeharbidea izaki, ezinbestekoa da paseko trafikoaren, herriko zirkulazioaren eta herritarren ongizatearen arteko oreka eta elkarbizitza areagotzea eta egokitzea", adierazi du ahaldun nagusiak. Mendozarentzat, udalak eta aldundiak erdietsitako lankidetza akordioari esker "errepidearen funtzionaltasuna eta herriko mugikortasuna hobetu ahalko dira eta, aldi berean, horrek hobekuntza nabarmena eragingo du herritarren nahiz errepidea erabiltzen duen ororen mesedetan". Iritzi beretsua plazaratu du Mikel Arregi Zestoako alkateak: "Zestoako herrigune nagusia bitan zatitzen duen GI-631 errepidea herriak bere egingo du, eta herrirako sarbideen eta irteeren egokitzeak herriguneari arnasa emango dio".

Foru aldundiak "lurralde oreka" sustatzeko hartzen dituen neurrien erakusgarri gisa aurkeztu du Mendozak Zestoako proiektua: "Bide azpiegituretan ere, lurralde orekaren aldeko apustua egiten ari gara, gure herri eta bailaretan giltzarri diren puntu horietan errepideak hobetuz, ahal den heinean gidarien segurtasuna eta herritarren ongizatean hobekuntzak ahalbidetuz".

Foru diputatuak eta Mikel Arregi alkatea gaur, Ekainberri atarian. (Mailo Oiarzabal)

Diputatuen Kontseilu ibiltariaren bigarren geralekua

Gipuzkoako Foru Aldundia Diputatuen Kontseiluaren bilerak "aldizka" Donostiako egoitzatik kanpo eta lurraldeko udalerrietan egiten hasi da, eta Zestoari egokitu zaio batzar ibiltari horien bigarren geralekua izatea. Mendoza ahaldun nagusiaren hitzetan, "herritarrengana eta herrietara hurbiltzeko pauso bat" izan da agintaldi honetan foru gobernuak hartu duen erabakia, baita "erakundeen arteko harremanak" sendotzeko bidea ere.

Zestoan, Lili jauregian egin du bilkura Diputatuen Kontseiluak. Bilera horren aurretik, Mendoza Arregi alkatearekin elkartu da Lilin bertan, Zestoak "aurrera begira dituen beharrizanak eta proiektu nagusiak aztertu asmoz".

Lili jauregiko biltzarrak bukatu ondoren, Zestoako alkatea eta diputatu guztiak Ekainberriraino joan dira. Ekain kobaren erreplika bisitatu ondoren, prentsarekin elkartu eta eguneko argazkia atera dute Ekainberriko atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide