Haurren eta nerabeen aisialdi eskubidea bermatuko duen diru laguntza lerro berria jarriko du martxan Zestoako Udalak 2024-2025 ikasturtetik aurrera. "Zestoako familia batzuek ez daukate nahikoa diru ekintza horiek ordaintzeko, eta diru laguntza hauei esker familia horietako haurrek eta nerabeek ere aisialdiaz eta kirolaz gozatu ahal izango dute", azaldu du udalak. Diru laguntza hauen helburua eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ezin dituzten familiei laguntzea da, aisialdiko jardueretan haur eta nerabe horien parte hartzea bermatuz.
Diru laguntza hauek Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dira, eta honako baldintzaren bat betetzen duten herritarrek eska ditzakete:
- DBE/RGI, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunek.
- GLL/AES, Gizarte Larrialdietako Laguntzaren onuradunek.
- IMV, Bizitzeko gutxieneko diru sarrera laguntzaren onuradunek.
Laguntza horien onuraduna ez izan arren, antzeko diru sarrerak dituzten familia unitateek udaleko gizarte zerbitzuekin hitzordua hartu beharko dute. Horrez aparte, eskaria egiteko beharrezkoa da haurrak eta nerabeak (16 urte artekoak) Zestoan erroldatuta egotea.
Aisialdia, "eskubidea" eta "beharra"
Udalaren esanetan, "haur guztiek dute aisialdiaz eta kirolaz gozatzeko eskubidea, eta osasuntsu garatzeko ezinbestekoak dira". Arrakala ekonomikoa "saihestu" eta haurrek eta nerabeek aisialdiaz gozatzeko eskubidea "bermatu" nahi da ekimenarekin.
Halaber, herriko elkarteek haurren aisialdiaren alde egindako lana aipatu du udalak: "Herriko elkarteek urteak daramatzate herriko haurren aisialdia aberasten, eta orain haur guztien eskura egongo dira". Herriko eragileekin eta elkarteekin bildu da udala ekimenaren berri emateko, eta diru laguntza lerro berria "gustura" hartu dutela dio. Ekimen honetan parte hartuko duten herriko elkarteak honakoak dira: Abantzu pilota kluba, Zestoako Bertso Eskola, Interpretazio Eskola, Itxaropena dantza taldea eta Zestoako Futbol Eskola.