Udaberriko IV. Argazki Rallya antolatu du Ezkaizto auzo elkarteak maiatzaren 26rako, igandea, Arroabean. Parte hartu nahi duten argazkizale guztiek egun horretan bertan, 09:30etik 10:00etara bitartean, izango dute izena emateko aukera arroako.argazkirally@gmail.com helbidean. Izena ematerako orduan beharrezkoa izango da kategoria zehaztea: 16 urtetik beherakoek kategoria bat osatuko dute, eta hortik gorakoek beste bat. Lehiaketa, berriz, 10:00etatik 13:00etara bitartean jokatuko dute.
Hasiera batean, parte hartzaileei lau gai proposatuko zaizkie argazkiak ateratzeko, eta amaieran, 13:00etan, azken gai bat emango zaie.
Hiru ordu horien ondoren argazkilari bakoitzak gehienez 38 argazki izango ditu –kontrolekoa barne–, eta horiek ElkarGune lokalera eramango ditu deskargatzeko. Ondoren, ekainaren 2ra arte izango dute gai bakoitzerako argazki bat eta kontrol argazki bat hautatzeko eta bidaltzeko epea. Epaimahaiak ekainaren 11n jakinaraziko du irabazlea, eta sari banaketa ekainaren 14an, 19:00etan, izango da.
Lehiaketako oinarri guztiak jakiteko edota informazio gehiago lortzeko arroako.argazkirally@gmail.com helbidera idatzi daiteke.