Zubimusu kalean dagoen auto elektrikoen errekarga puntua ordainpekoa izango da apirilaren 17tik aurrera. Izan ere, 2022ko maiatzean jarri zuen Zestoako Udalak errekarga puntua Zubimusu kalean, "auto elektrikoen erabilera bultzatzeko". Ordutik autoa kargatzea doakoa izan da bertan; orain, ordea, ibilgailu bakoitzak kontsumitzen duen argindarraren arabera ordaindu beharko dute erabiltzaileek – autoak kontsumitzen duen kilowatt ordu bakoitzeko–. Zestoako Udalak erabakia "zerbitzua mantendu ahal izateko" hartu duela dio, "zerbitzuak eragiten dituen mantenu eta energia gastuei aurre egiteko, hain zuzen ere".
Hori horrela, apirilaren 17tik aurrera 0,315 €/kWh + BEZ ordaindu beharko dira autoa Zubimusuko errekarga puntuan kargatzeko.
Ildo beretik, mugikortasun pribatutik haratago joanda eta mugikortasun partekatua sustatzeko helburuarekin, Zestoako Udalak ibilgailu elektriko partekatu bat jarriko du herritarren eskura epe laburrean.