Baserritarrekin lehenengo batzarra egingo dute datorren asteartean Aizarnan

Intza Trula 2024ko apirilaren 12a

Aizarnako plaza. (Zestoako Udala)

Udalerriko herritar ororekin harremanak "sendotzeko" asmoarekin antolatu du lehen batzarra Zestoako Udaleko Auzoerria eta Baserriak Batzordeak. Akoa, Aizarna eta Txiriboga inguruetako baserritarrekin egingo dute hilaren 16ko bilera.

Zestoako Udaleko Auzoerria eta Baserriak Batzordeak baserritarrekin lehen bilera antolatu du datorren astearterako, hilaren 16rako. Aizarnako Herri Etxean elkartuko dira, 18:00etan. Antolatzaileen esanetan, udalerriko herritar ororekin harremanak "sendotzea" da bilera hauen helburua, eta lehenengoa Akoa, Aizarna eta Txiriboga inguruetako bizilagunekin egingo dute. 

Zestoako Udaleko Auzoerria eta Baserriak Batzordeak inguru horietan bizi diren herritarrak bilerara joatearen garrantzia azpimarratu du: "Inguru horietan kokatuta dauden baserrietako bizilagunen iritzia eta ekarpenak beharrezkoak eta garrantzitsuak direnez, garrantzitsua da beraien parte hartzea". Bilerara joateko gonbita etxean jaso dute baserritarrek.

Hori horrela, ondorengoak izango dira apirilaren 16ko batzarrean landuko dituzten gaiak:

  • Landa lursailen digitalizazioa.
  • Baserri bideen konponketak.
  • Silo bola plastikoen bilketa.
  • Tokiko elikaduraren sustapena.
  • Basoak eta lursailak.
  • Komunikazio kanalak baserritarrekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide