Zestoako Harria goraipamena jaso du Iñaki Azkunek

Intza Trula 2024ko mar. 16a, 15:48

Gaur eguerdian izan da aitortza ekitaldia, Zestoako udaletxeko areto nagusian. Bertan izan dira, besteak beste, Mikel Arregi Zestoako alkatea, Xabier Unanue, Fernando Txueka, eta Onintza Irureta, Azkuneren iloba.

Zestoako Harria goraipamena jaso du Iñaki Azkunek gaur eguerdian udaletxean egindako aitortza ekitaldi hunkigarrian. Hainbat arazo tarteko, Azkunek ezin izan du ekitaldira joan, baina familiako kideek jaso dute oroigarria. Goraino bete da udaletxeko areto nagusia, eta bertan izan dira, besteak beste, Mikel Arregi Zestoako alkatea, Xabier Unanue, Fernando Txueka, eta Onintza Irureta, Azkuneren iloba. Horiez gainera, senitarteko eta lagun ugari elkartu da ekitaldian.

Zestoako Udalak joan den abenduaren 28ko udalbatzarrean aho batez onartu zuen Iñaki Azkune Mendiari (Zestoa, 1945) aitortza egitea. Izan ere, lan handia egin du Azkunek euskalgintzan –Elhuyar Taldearen sortzaileetakoa da–, zein Zestoako historiaren ikerketan eta zabalkundean –2020ko Zestoaren historia (2) da azken adibidea– .

"Ezinezkoa da hitzez azaltzea Iñaki Azkunek egindako lan guztia", esan du Arregik. Honakoa gehitu du: "Kanpoan ondare asko dago, baina gehienetan ez gara ohartzen inguruan dugunaz, eta hori aztertzen ez bada, galdu egiten da". Txuekak, berriz, zera esan du: "Hizkuntza kontuetan ez ezik, historian, pentsamenduan, zientzian, teknologian eta beste hainbat arlotan jakituna da Azkune. Maite ditu artea, poesia, bertsoa...". Unanuek ere izan ditu esker hitzak protagonistarentzat: "Eskerrak emateko ez da denbora asko behar. Euskaldunok bi hitz erabiltzen ditugu: eskerrik asko".

Jarraian, Garikoitz Mendizabalek Artzai kantak abestia jo du txistuarekin, eta ondoren, Jexux Iribarrek bertsoa eskaini dio Azkuneri. Amaitzeko, familiakoak oroigarria jasotzera gerturatu dira, emozioz beteta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide