Iñaki Iruretaren omenezko Herri Krosa jokatuko dute 44. urtez igande goizean, Zestoan. Zestoako Atletismo Taldeak antolatu du proba udalaren laguntzarekin, eta prest dituzte haurren zein helduen probak. Ohi bezala, umeen proba 10:00etan hasiko da farmazia aurretik, eta lasterketa nagusiari, berriz, 11:30ean ekingo diote, Laranjadi plazatik. Biak ala biak herriko plazan amaituko dira, eta hamaiketakoarekin borobilduko dute goiza.
Benjaminek, kimuek eta infantilek egunean bertan eman ahal izango dute izena umeen lasterketarako, eta helduek, aldiz, joan den hiletik zabalik dute izen-ematea Herrikrosa.eus webgunean. Horiek bi distantzia izango dituzte aukeran: bata, 2,6 kilometrokoa eta bestea, 8,5 kilometrokoa. Ohiko ibilbide berbera izango dute probek.
Proba egunera arte zain
Zestoako Herri Krosak 44 urteko ibilbidea du, baina antolatzaileek azaldu dute azken urteetan jaitsi egin dela lasterketaren parte hartzaile kopurua. "Mendi lasterketak puri-purian daude, eta gero eta joera handiagoa dago bertan parte hartzeko. Horietarako dortsalak segituan agortzen diren bitartean, gurea bezalako probetan gero eta korrikalari gutxiagok ematen du izena", azaldu dute antolatzaileek.
Atzo 40 bat lagun zeuden helduen probarako izena emanda, eta egunean bertan ere izango da horretarako aukera: "Azken urteetan askok eman izan dute izena lasterketaren egunean bertan, baina halakoetan, azken unera arte ezin dugu jakin probak zer erantzun izango duen". Antolatzaileek "ziurgabetasunez" bizi dute azken urteetako egoera, eta jakin badakite jasotzen duten harrerak datozen urteetako lasterketak baldintza ditzakeela.
Hain zuzen ere, herritarren parte hartzea sustatzeko bi entrenamendu saio egin dituzte azken asteetan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, saioek ez dute "arrakasta handirik" izan. "Emakume bat bera ere ez da azaldu entrenamenduetara. Dena den, korrikan hasi berri diren hainbatek asko eskertu dute". Taldeak azpimarratu du korrikalariak erakartzeko "formula berriak" bilatuko dituela, baina, bien bitartean, herritar oro animatu ditu igandeko krosean parte hartzera.