Askotariko ekintzak antolatu dituzte Ekainberrin datozen asteetarako

Intza Trula 2024ko martxoaren 13a

Jose Julian Marquez Ekainberrin. (Ekainberri)

Larunbat honetan, martxoaren 16an, izango da lehenengo ekintza Ekainberrin: Lurpea elkartearen Koben Eguna aitzaki hartuta, bisita gidatu berezia antolatu dute, eta sarrerak erdi prezioan erosi ahal izango dira egun horretan. Halaber, hainbat sari zozkatuko dituzte joaten direnen artean.

Jarduera anitz antolatu dituzte Ekainberrin datozen asteetarako. Lehenengoa, larunbat honetan, martxoaren 16an, izango da: Lurpea elkarteak antolatutako Koben Eguna aitzaki hartuta, bisita gidatua egingo dute Ekainberrin. 13:00etan izango da gazteleraz; 17:00etan, berriz, euskaraz. Duela 14.000 urte Ekaingo zaldiak margotu zituen lehen gizakiaren azalean jarriko dira bisitariak, eta bidea iluntasunean egingo dute, linternak erabilita. Horrez gainera, egun horretan Ekainberriko sarrerak erdi prezioan eskuratu ahal izango dituzte bisitariek, eta joaten diren guztien artean bi pertsonentzako egonaldi bat eta Lurpea elkartea osatzen duten zortzi kobak bisitatzeko bonoak zozkatuko dituzte.

Martxoaren 24an, berriz, Euskal Kostaldeko Museoen hilabetearen bueltan, Historiaurreko azagaia baten muntaketa erakustaldia egingo du Jose Julian Marquezek. 12:00etan izango da. Erakustaldi hori, apirilaren 14ra arte Ekainberrin ikusgai dagoen Ehizarako Artea erakusketaren parte da.

Horrez gainera, martxoaren 28an hasita eta Aste Santuari lotuta, Ekainberrik bere zerbitzuak indartuko ditu, eta lagunekin, familian, edo bakarka Unescok Munduko Ondare izendatu zituen duela 14.000 urteko Ekaingo margoak ezagutzeko aukera egongo da. Bisita gidatuez gain, Historiaurreko Esperientzia Konpletoa jardueraz gozatzeko eta Historiaurreko bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da egunero.

Halaber, joan den astean hasi zuten Lili jauregiko bisita antzeztuen denboraldia. Informazio gehiago nahi dutenek Ekainberriren webgunera jo dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide