Ez dadin bizitza eten liburuaren aurkezpena eta solasaldia izango dira datorren asteazkenean, martxoaren 6an, Zestoan. Portale kultur elkarteak, Zestoako Emakume Feminsten Taldeak eta 3Z taldeak elkarlanean antolatutako saioa izango da, 18:30ean, Portalen.
Miren Arangurenek, Ainara Santamariak eta Monika Mendiberrik ondu dute liburua, eta Aranguren izango da asteazkenean solasaldia bideratzeaz arduratuko den kidea.
Ez dadin bizitza eten liburuan, zaintza lanetan inplikatuta dauden norbanakoei entzunda eta Emagin elkartean egindako lanetik abiatuta, azken urteotan mugimendu feministaren aldarrien erdigunean egon den gaiaz hausnartu dute hiru autoreek. Askotariko faktoreak izan dituzte kontuan, ikuspegi feminista eta ezagutza kokatua ardatz izanda.