Aurrekontu parte hartzaileak aurkeztu zituen Zestoako Udalak hilaren 2an, eta bihar izango da lehen herri batzarra. Hain zuzen, otsailaren 21era arte egon da zabalik proposamenak aurkezteko epea, eta bihar jasotako ideien berri emango zaie herritarrei. 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxean.
Halaber, asteazkenetik hasi eta martxoaren 27ra bitartean azterketa fasea izango izango da: udaleko zerbitzu teknikoek proiektu bakoitzaren aurrekontua egingo dute bertan, bideragarriak ez direnak prozesutik kanpo utziz. Apirilaren 9an, ordura arteko emaitza guztiak aurkezteko bilera bat egongo da, eta 10etik 26ra bitartean irekiko da boza emateko aukera. Bozketa telematikoki egingo da. Azkenik, apirilaren 30ean, beste bilera bat egingo da bozketaren emaitza eta prozesu guztiaren beste emaitza batzuk emateko.
Zestoako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu biharko bileran parte hartzera.