Azken hilabeteotan Zestoako Gaztetxearen inguruko berririk gehienak Gipuzkoako Gotzaindegiarekin Elizondo eraikinaren okupazioaren bueltan duen auziaren ingurukoak izan badira ere, gaurkoan, egun batez bada ere, horiek albo batera utzi eta Gaztetxearen I. urteurrena aldarte onean ospatzeko beta hartu dute Gazte Asanbladako kideek zein haiek prestatutako egitaraura batu diren herritarrek, eta ez dira gutxi izan.
Eguerdi partean ekin diote ospakizun egitarauari bertso poteoarekin, eta dozenaka lagun tabernaz taberna ibili dira Jon Gurrutxaga eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak lagun zituzten. Ondoren, bazkaria egin dute Gaztetxean bertan, eta bazkalondoan,herri kirol erakustaldia izan da udaletxeko arkupeetan. Sekulako giroa sortu da bertan. Izetaren eskolako Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Jon Lapeira harri jasotzaileak jardun dira batetik, eta bi zestoar bestetik, Julen Odriozola eta Joseba Aramendi. Hainbat ariketa egin dituzte pisu eta forma desberdinetako harriekin, eta erronka txiki bat ere jokatu dute. Horiez gain, Aritz Olaizola zestoarrak 50na kiloko bi txinga eskuetan erakustaldia egin du hantxe, begira zituen dozenaka herritarren oihu eta animo artean.
Herri kirolen ostean zestoarren arteko pilota partidak jokatzekoak baziren ere, eguraldi eskasa tarteko partidak bertan behera uztea erabaki dute. Dena den, gaurko egitaraua ez dute horretan amaitu. Izan ere, 22:00etatik aurrera Istilu, Tiratxinas eta Berandu baino lehen taldeek kontzertu bana eskainiko dute Gaztetxean, eta ondoren, Hgs DJak jarritako doinuetara jarraituko du jaiak.
(Argazkiak: Zestoako Gazte Asanblada eta Aitziber Arzallus)