Hilabete baino gutxiago falta da aurtengo Zestoako Herri Krosaren egunerako, eta antolatzaileak lanean hasita daude. Zestoako Atletismo Taldeak udalaren laguntzarekin antolatzen duen proba San Jose egunaren bueltan egiten dute urtero, eta aurten ere horrela izango da: martxoaren 17an, igandearekin jokatuko dute 44. Herri Krosa, Iñaki Iruretaren omenezkoa.
Haurrentzako lasterketak 10:00etatik aurrera egingo dituzte eta lasterketa nagusia 11:30ean hasiko da. Helduen proban bi distantzia izango dituzte aukeran lasterkariek, 2,6 kilometrokoa eta 8,5 kilometrokoa, eta bietarako izen ematea irekita dago dagoeneko Herrikrosa.eus webgunean.
Entrenamendu irekiak
Kobaz Kobarako Agirokoek egin zuten bezala, Herri Krosa prestatzeko ere taldeko entrenamendu saio irekiak antolatu ditu Zestoako Atletismo Taldeak, "herritarren partaidetza indartu eta sustatu asmoz".
Bi entrenamendu saio egingo dituzte, martxoaren 3an eta 10ean; bi egunetan, 10:00etan hasiko da entrenamendua, kiroldegi ataritik abiatuta.
Antolatzaileek aldez aurretik eskerrak eman nahi izan dizkiete "kros hau aurrera eraman ahal izateko diru laguntza ematen duten herriko enpresa, denda, guraso elkarte eta herriko elkarteei".