Zestoako Udala joan zen agintaldian hasi zen zaintza sistemaren inguruan gogoeta egiten, eta orain arte egindako bidearen emaitza aurkeztu dute gaur, udaletxean egindako agerraldian. Zehazki, Zestoa Zaintza Sarea izena jarri diote orain arte garatutako proiektuak nahiz zaintzaren esparruan lanean ari diren eragileak bilduko dituen sareari, eta haren logoa ere aurkeztu dute agerraldian. Ekitaldian izan dira Mikel Arregi alkatea, Ane Lizaso Zabalduz kooperatibako koordinatzailea eta Joseba Illarramendi San Juan egoitzako zuzendaria eta zaintza komunitateko koordinatzailea.
Arregik adierazi du zaintzaren ekosistemaren proiektuan "komunikatiboki beste urrats bat" egin dutela. Izena eta izana lotuta joan ohi direla esan du, eta orain "izena" jarri diotela Zestoan zaintzaren esparruan egiten ari diren lanari. Logoa aurkeztuta, era berean, irudia ere jarri nahi izan diote egitasmoari. Alkateak nabarmendu du gaur-gaurkoz zaintzaren eremuan egonkortutako mahai bat dagoela Zestoan: "Udal ordezkariez gain, bi egoitzak, herriko eragileak –jubilatuen elkartea eta 3Z taldea, besteak beste–, Osakidetzaren ordezkariak, udalaren kirol zerbitzua... biltzen ditu mahaiak, eta horra batzen azkenak auzoak izan dira". Illarramendik adierazi du hemezortzi eragile batzen dituela gaur egun proiektuak, eta aurrera begira, gehiago izatea nahiko luketela. Hark azpimarratu du proiektua "herrigintzatik sortu" zela: "Hasieran Adinduen Mahaia genuen Zestoan, baina ohartu ginen zaintza ez dela adinekoen kontua bakarrik, eta saretzeko beharra zegoela". Horren harira batu dira eragile guztiak gune bakar batean, eta "pozik eta harro" agertu da alkatea, "baliabide profesionalak eta ez profesionalak uztartzea" lortu dutelako kausa bakar baten bueltan, "herriko zaintza eremu guztietara iristeko".
"Kezka gaindituta"
Kezka batetik abiatuta hasi ziren Zestoan zaintzaren gaia jorratzen, alkateak gogora ekarri duenez. "Kezka batzuk genituen zaintzaren arloan, ikusten genuelako joera global batzuk indartzen ari zirela. Ikusten ari ginen tokiko erabakiguneak desagertzen ari zirela, enpresa handi batzuk sartzen ari zirelako kudeaketan. Horren aurrean, diagnostiko bat egin genuen, eta argi ikusi genuen tokikotasunak oinarrizkoa izan behar zuela zaintzaren eremuan; lehentasuna tokiko erabakiguneei eustea izango zela, ondoen zainduak geu bizi garen lekuan izango garelako". Kezka horiek "gainditu" dituztela eta tokikotasun horri eusteko Zestoan sare bat osatzea lortu dutela adierazi du. "Balorazio positiboa egiten dugu. Harro gaude egindakoaz", esan du. Gainera, hark nabarmendu du Zestoan jorratutako bidea eredu dela beste batzuentzat. "Herrilab sistemak eta Gipuzkoako Foru Aldunidak ondo ikusi dute Zestoako eredua. Aldundiak diru laguntza bat eman digu, eta, horri esker, zaintza sistema honen dinamizaziorako Zablduz kooperatibarekin hitzarmen bat egin dugu beste bi urterako".
Sarearen izena aurkezteaz gain, sare horren barruan garatzen diren jarduera guztiak bilduko dituen agenda bateratuaren berri ere eman dute agerraldian. Lizasok azaldu duenez, herritar guztiei zuzendutako ekintzak gauzatzen dira Zestoan, eta zestoarrei egiten denaren berri emateko, esku orriak banatuko dituzte aurrerantzean. Datorren astean hasiko dira martxotik ekainera arteko agenda etxez etxe banatzen. Hasieran, hiru hilabetez behin banatuko dute, baina ikusiko dute sarriago banatzea beharrezkoa ote den.
Lizasok, Zestoan zaurgarritasun egoeran daudenekin lanean hasi zenean, argi ikusi zuen horiek "sozializatzeko beharra" zutela. Auzoetan nahiz herrigunean ekintzak gauzatzen zirela ohartu zen, baina horiek ez zeudela "saretuta". Horren harira, saretzean jarri zuten fokua, agenda bateratua eratzeko. Herritarren artean ekintza horietan parte hartzeko interesa nabaritu du, eta denak gonbidatu ditu parte hartzera. Era berean, norbaitek zerbait proposatu nahiko balu, anelizaso@zabalduz.eus helbidera idatz dezake.
Agenda
- Udaletxeko ikastaroak
-Familiarteko zaintzaileen ongizate emozionala lantzeko tailerra: bi astez behin, ostegunetan, 15:00etatik 17:00etara. (Izen ematea Gizarte Zerbitzuetan).
- Egun-pasak
-Martxoaren 13an. Castejon eta Azagra.
-Apirilaren 17an. Altsasu eta Etxarri.
-Maiatzaren 23an. Orio eta Aginaga.
-Ekainaren 19an. Markina eta Ondarru.
- Herrigunea
Gimnasia. Astelehenetan eta asteazkenetan edo astearteetan eta ostegunetan, 09:30etik 10:30era, kiroldegian.
Zestoa Osasuntsu.
-Buelta txikiak: martxoaren 6an, apirilaren 11n eta maiatzaren 9an, 10:15ean, kiroldegian.
-Buelta handiak: martxoaren 13an, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an, 08:50ean, kiroldegian.
-Hitzaldiak eta tailerrak: martxoaren 5ean, apirilaren 9an eta maiatzaren 7an.
Bingo taldea. Astearte eta ostegunetan, 15:30ean, jubilatuen tabernan.
Paseo taldea. Asteazkenetan, 15:30ean, Gurutzean.
Egoitzetara bisitak. San Juan eta Gisasola egoitzetara, asteazkenetan, 17:00etan, txandakatuz. Martxoaren 6an San Juanen hasita.
Josteko taldea. Astelehenetan, 15:00etatik 17:00etara, Kultur Etxeko beheko gelan.
Kartoi tailerra. Astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etan, Alonderon.
Udaberri festa. Martxoaren 22an, 09:00etatik 12:30era, San Juan parkean.
- Aizarna
Zaintza taldea. Hilabeteko azken astearteetan, 16:30ean, auzo elkartean.
Gimnasia. Astelehenetan eta asteazkenetan, 11:00etatik 12:00etara, frontoian.
- Arroabea
Gimnasia. Astearte eta ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara.
Yoga. Astelehen eta ostegunetan, 17:00etatik 18:15era.
Bachata. Astelehenetan, 18:30etik 20:00etara.
Zumba. Astearteetan, 09:30etik 10:15era.
Xakea. Astearteetan, 17:00etatik 18:30era.
Eskulanak. Astearteetan eta ostiraletan, 15:00etatik 17:00etara.
Puntoa, kakorratz lanak eta joste tailerra. Asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara.
Bertsoak. Asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara.
Tartean behin. Kafe tertulia (ostiral arratsaldeetan) eta reiki saioak (larunbat goizetan).
- Arroagoia
Areto dantzak. Astearteetan.
Helduentzako gimnasia. Astelehenetan eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara, auzo elkartearen goiko gelan.
- Lasao
Kafe espazioa. Asteazkenetan, 17:00etan, auzo elkartean.
Illarramendi, Lizaso eta Arregi, logo berria aurkezten. (I. E.)