Bihar urtebete beteko da Zestoako Gazte Asanbladak gaztetxea lekualdatzeko prozesua etenda zegoela ikusita, Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikinera (Zentroa) sartzea erabaki zuenetik. Urteurrena ospatzeko asmoz, egitarau oparoa prestatu du asanbladak larunbat honetarako; hala nola poteoaz, bazkariaz eta kontzertuez gozatzeko aukera izango da larunbatean herrian.
Zestoako Gazte Asanbladak eskerrak eman nahi izan dizkie denbora honetan ondoan izan dituztenei. "Eskerrik asko urtebete honetan babesa adierazi eta lagundu diguzuen espazio eta norbanako guztiei, eta nola ez, Defentsa Komunitateari".
Honakoa da Zestoako Gazte Asanbladak larunbaterako prestatutako egitaraua:
- 12:30. Bertso poteoa Jon Gurrutxaga eta Gorka Pagonabarraga bertsolariekin.
- 15:00. Bazkaria gaztetxean.
- 17:00. Herri kirolak frontoian. Jon Lapeira, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga izango dira bertan.
- Jarraian, pelota partida: Mattin Eizagirre eta Liam Zunzunegik Ioritz Arantzeta eta Mikel Armendarizen aurka jokatuko dute.
- 22:00. Kontzertuak: Istilu, Tiratxinas, Berandu baino lehen eta DJ Hgs.