Egañazpi. Ezink esan polita ez dela... liburua aurkeztu du Gorka Erostarbek gaur eguerdian Zestoan. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearengandik jaso zuen proposamena, eta hain zuzen, 60ko eta 70eko Egañazpi pandero jotzailearen bizitza du oinarri liburuak. Gehiegi sakondu gabe, kontakizunaren zertzelada batzuk eman ditu egileak Kultur Etxean egindako aurkezpenean, Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehendakariaren eta Mikel Arregi Zestoako alkatearen eskutik. Jende mordoa bertaratu da hitzordura, eta bertan izan dira, besteak beste, Erostarberen eta Egañazpiren familiakoak. Pandero jotzaile baten biografiaz hitz egiten duen liburuaren aurkezpenean, ordea, ezin zitekeen musikarik falta: hala, saioaren aurretik kalejira egin dute herrian zehar trikitilari eta pandero jotzaileek.
"Guretzako ohore bat da liburu hau. Herrian baditugu pertsonaia garrantzitsuak, Egañazpi horietako bat, eta bere lekukotasuna liburu batean jasotzea ohore bat da Zestoako herriarentzat, eta baita trikitiaren munduarentzat ere", esan du Arregik.
Soinuaren liburutegia bildumako hamaseigarren alea da Egañazpi. Ezink esan polita ez dela... Halaber, disko bat ere ondu dute, 22 piezekin. Elizagoienek azaldu duenez, pieza horietako batzuk inoiz argitaratu gabeak dira. Honela deskribatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehendakariak Erostarberen liburua: "Ederra, hunkigarria eta erraz irakurtzekoa. Istorio bat kontatzen du, baina irakurlea berekin eramaten du istorio horretan".
Liburuak bost testigantza nagusi ditu: Migel Orias Zumarragako (Gipuzkoa) pandero jotzailea; Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzailea; Mailu Sudupe Egurrola pandero jotzailea; Martin –Egañazpiren iloba– eta Luis Astiasaran. "Beraiek ezagutu zuten Egañazpi. Ahots guzti horiei esker du liburuak bizitza, kolorea, humanitatea eta gertutasuna", dio idazleak. Testigantza horiez gainera, elkarrizketa eta istorio gehiago ere baditu liburuak. Zera gehitu du: "Trikitia beste edozein musika genero bezain irekia eta mestizoa da. Pozak eta tristurak konpartitzeko balio du, eta ez du kalea galdu".
Eskerrak eman nahi izan dizkie Erostarbek prozesuan parte hartu duten guztiei: bere familiari, Egañazpiren familiari, elkarrizketatuei, Zestoako Udalari, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteari... Eta idazleak esan du, "dena ez" duela kontatuko, "irakurleak ere bere kabuz deskubri dezan".