Haurren danborradarako karroza lehiaketa antolatu du aurten ere Zestoako Udalak

Intza Trula 2024ko otsailaren 13a

Iazko haurren danborradako karroza. (Mailo Oiarzabal)

Maiatzaren 3an izango da umeen danborrada, Santa Kutz jaietan. Herritarrek bihartik hasi eta martxoaren 5era arte izango dute proiektuak aurkezteko epea. 

Santa Kutz jaietan egin ohi duten umeen danborradarako karroza lehiaketa antolatu du beste urte batez Zestoako Udalak, "sormenari, ideia eta ikuspegi berritzaile eta freskoei tartea eskaintzeko helburuarekin". Maiatzaren 3an egingo da danborrada, eta parte hartzeko interesa duten herritarrek bihartik hasi eta martxoaren 5era bitarte izango dute proposamenak aurkezteko aukera.

Lehiaketa antolatzearen helburuak "herriko jendea subjektu aktibo izatea, karrozaren bidez gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea, eta sormenerako abilezia dutenei aukerak ematea" dira. Honakoak izango dira, beraz, lehiaketara aurkezten direnen eginbeharrak: umeen danborradarako karroza ideia garatzea eta diseinatzea maketa baten bidez. Irabazle suertatuz gero: karroza egitea, karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzea eta haien jantziez eta abarrez arduratzea eta danborrada egunean, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortzea.

Lehiaketa publikoa eta irekia da. 18 urtetik gorako eta Zestoan bizi den edozein pertsonak –banaka edo taldean– parte hartu ahal izango du, epaimahaikideek izan ezik. Parte hartzaile bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du, eta lanak originala izan beharko du.

Gaiari dagokionean, kontuan hartu beharko da, lehendabizi, umeen danborradarako izango dela. Gaia librea izango da, baina izaera integratzailea izan beharko du: udalak lehiaketatik kanpo utziko ditu edozein pertsona edo erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak. Lehiaketako irabazleak 3.000 euro jasoko ditu karroza egiteko.

Lanak zuzenean aurkeztu ahal izango dira, honako helbidean: Zestoako Udala. Foru plaza 1 – 20740 Zestoa. Harremanetarako telefonoa, berriz, honako hau da: 943-14 70 10. Lanak aurkezteko epea martxoaren 5ean amaituko da. Lanen ezaugarri teknikoak eta gainontzeko irizpideak honako lotura honetan irakur daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide