Abogados Cristianos Espainiako fundazioak Zestoako Gazte Asanbladaren "arduradunen" aurkako salaketa jarri du Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegian, joan den hilaren 21ean, Zestoako parrokiara sartu eta "meza mozteagatik". Fundazioaren arabera, elizara sartu ziren herritarrek "gurtza geldiarazi, gorrotoa bultzatu eta profanazioa zein legez kontrako manifestazioa" egin zitzaketen. Horrez gain, fundazioak ez du baztertu pertsona horiek "derrigortze delitua" ere egin zutenik.
Abogados Cristianos azaldu du aurpegiak maskaraz estalita zituzten "zazpi pertsona" sartu zirela elizan, eta Eliza "diruzalea" eta "espekulatzailea" dela zioen pankarta bat zabaldu zutela aldarean. Fundazioak salaketan adierazi duenez, "zuzenbide estatua eta herritarren bizikidetza" hausten duten "eraso" horiek ezin dira "justifikatu". Era berean, azpimarratu du orduko hori ez zela "ekintza isolatua" izan: "Talde berak eraso egin die azken asteetan elizei, ateak giltzarrapoekin itxiz, sarrailetan silikona jarriz, pintadekin eta paskinekin, zeinak kristau komunitatea jazartzen eta seinalatzen zuten".
Fundazioaren presidente Polonia Castellanosen esanetan, ekintza horiek "zuzenki erasotzen" die erlijio askatasunerako oinarrizko eskubideari, eta auziaren "amaierara" iritsiko direla azpimarratu du, "gertakari horiek zigorrik gabe gera ez daitezen".
"Elkartasun ekintza"
Elizondo eraikina okupatzeagatik Zestoako Gazte Asanbladako bi gazteren aurkako epaiketaren atarian, Elizaren eta Gazte Asanbladaren arteko aferan zeresan handia eman zuen joan den urtarrilaren 21ean, hainbat herritar meza nagusiaren orduan Zestoako elizan sartu izanak. Zestoako Gazte Asanbladak azaldu zuen "elkartasun ekintza" izan zela ordukoa, eta argitu zuen taldea ez doala "fededunen aurka", baizik eta "Eliza katolikoaren erakundeen jarrera" zuela jomugan.